PSE-EEk Tabakalera "hiltzen uztea" leporatu dio Bilduri
Marisol Garmendia sozialistaren ustez, Martin Garitano da Tabakalera eta Arteleku banatzearen erruduna
Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari eta Bilduri Tabakalera «hiltzen uztea» leporatu die Marisol Garmendiak, Donostiako zinegotzi sozialistak. Hala, Tabakalera proiektua eta Arteleku banatzearen erabakiaren arduraduntzat jo du Garitano. Garmendiaren ustez, «zentzugabekeria» da Tabakalera proiektuaren bihotza izan behar zuena banatzea; eta Tabakalera «hustea» leporatu dio.
«Ez dago proiekturik Arteleku gabe. Eta ez dago proiekturik; ez dago zuzendaritza teknikorik; ez dago lidergo politikorik; eta erakundeen arteko kontsentsua ere apurtu egin da. Ez dakit nola babesten duten gauza bat, eta aldi berean gauza hori hiltzen uzten duten. Hustu egin dute. Kea besterik ez da orain Tabakalera», adierazi du Garmendiak. Hala, Donostiako PSE-EEk alkatearen agerraldia eskatu du otsailaren 23ko osoko bilkuran, bere jarrera azal dezan.