Tabakalerari Arteleku kendu nahi diola esan izana ukatu du Gipuzkoako Aldundiak
Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari eta Bilduri Tabakalera «hiltzen uztea» leporatu zien atzo Marisol Garmendiak, Donostiako zinegotzi sozialistak. Hala, Tabakalera proiektua eta Arteleku banatzearen erabakiaren arduraduntzat jo zuen Garitano. Adierazpen horien harira, Gipuzkoako Aldundiak ohar bat plazaratu du: “Foru Aldundiak ez du sekula esan Arteleku kendu nahi dionik Tabakalerari. Are gutxiago orain, noiz-eta tabako fabrika zaharraren proiektuak daukan sormen jarduera nagusia eta ideia sortzailea Foru Aldundia bera elikatzen ari denean”.
Aldundiaren iritziz, Tabakalerako zuzendari berriak zentroaren kultur edukiak definitzen dituen bitartean “Artelekuk bere bidea egiten jarraitu behar du, eta euskal sortzaileei zerbitzua ematen jarraitu behar du”. Argi utzi nahi izan du Tabakalerako zuzendari berriak Artelekurekin batera lan egingo duela, eta Tabakaleraren “ernamuinean” egongo dela sorkuntza zentroa.
Bestalde, Tabakaleraren eta Donostia 2016 kultur hiriburutzaren artean sinergiarik handienak lortzeko hainbat formula mahaigaineratu dituztela azaldu du oharrean. Eusko Jaurlaritzari kasurik egin ez izana leporatu dio: “Itsututa baitago bi proiektuek buru bakarra izan beharrarekin. Hori ezinezkoa da, garbi dago, egraginkortasunaren ikuspuntutik begiratuta, bi proiektuek lantegi ederra daukatelako aurrean”.
Erlazionatutako edukiaPSE-EEk Tabakalera "hiltzen uztea" leporatu dio Bilduri