Sorospen Etxeko zerbitzuari 143.488 eurorekin eutsi nahi dio udal gobernuak
Axier Jaka zinegotziak bere ardurapean dauden Ingurumen, Partaidetza eta Presidentzia sailetako aurrekontuak xehatu zituen atzo. Atal horiek jasotzen dituzten gastu guztien artean Sorospen Etxeari bideratutakoak piztu zuen arreta gehien, udal gobernuak orain arteko finantzaketa bertan behera geratuko zela zabaldu baitzuten hainbat komunikabidek.
Bada, Bilduren asmoek aurrera egiten badute, Bengoetxea kaleko Sorospen Etxeak 143.488 euro jasoko ditu. Izan ere, Udal gobernuaren nahia «zerbitzua eskaintzen jarraitzea» zela ziurtatu zuen Jakak. Diru horrekin, baina, sei hilabetez iraungo luke ekipamenduak zabalik. «Osakidetzarekin dugun hitzarmena negoziatzen jarraitu behar dugu», esan zuen. Zerbitzuaren gastuak Osakidetzak bere osotasunean bere gain hartu beharko lituzkeela adierazi zuen. Udalaren eskumena ez dela, eta «bikoiztasunak eztabaitzen ari diren honetan, Osakidetzak bere egin beharko lukeen zerbitzua da», esan zuen zinegotziak.
Hondakinak murrizteko planak
Udal gobernuak hondakinak murriztu eta birziklapena sustatzeko planak garatu nahi ditu, era berean. Zabor organikoa biltzeko edukiontziak hiriko auzo eta herri guztietara zabaltzea eskatu dute oposizioko taldeek zenbaitetan. Gros eta Amaran egiten den bilketari eutsiko diotela aditzera eman du Asier Jakak. Zabaltzeko asmorik duten ez du azaldu, ordea. Bestalde, berrerapilpena, birziklapena eta hondakin gutxiago sortzea izango dira Ingurumen sailaren ardatzak. Donostitruk azoka indartzea, pixoihal berrerabilgarrien alde egitea edota zabor gutxiago sortzeko azterketak burutzea izango dira 2012an emango dituzten pausoetako batzuk.
Gros, Amara eta gainontzeko auzo eta herrietan partaidetza sustatu eta 2011n abiatutako prozesuak indartzea izango da Herri Partaidetzak aurten izango duen erronka. Gizarte mugimendua indartuko dutela, auzo elkarteen zerrenda berritu eta jasoko dituzten diru laguntzetan murrizketarik ez dutela izango zehaztu du.
Auzoetan egiten dena lau haizetara zabaltzeko webgune berria egin nahi du udal gobernuak. Auzoetako sailean ez ezik, beste sailetako atariak ere berritu nahi dituzte. Hain zuzen, administrazio elektronikoa udal gobernuaren beste apustuetako bat izango da. «Sistema administratiboa etengabe ari da aldatzen eta udaletxea ezin da atzean geratu», azpimarratu du Axier Jakak.


