
Ametsa amaitu da. Lagun Arok ezin izan dio Caja Laboralen bigarren zati bikainari eutsi, eta Kopatik kanpo geratu da final-laurdenetan (72-65), itxura ona emanda. Duintasunez.
Sito Alonsoren jokalariak aurretik ziren atsedenaldian (28-38), Baron bikain bati esker (16 puntu lehen zatian), baina hirugarren laurdenean gasteiztarrek buelta eman diote kanporaketari eta berriro jarri dira aurretik markagailuan, lehen laurdenetik lortzen ez zutena (17-16).
Hain zuzen ere, Caja Laboral aldageletatik bueltan esnatu da. Zortzi minututan 23-3 partzial harrigarria egin dute gasteiztarrek, eta aurretik bukatu dute hirugarren laurdena (55-49). Hirugarren zati hau 27-11 emaitzarekin bukatu da. Jipoi gogorra donostiarrentzat. Hor egon da norgehiagokaren gakoa.
Laugarren eta azken laurdenean, sei minuturen faltan, Lagun Arok markagailua estu jartzea lortu du berriro, Baron eta Pankoren bi hirukoei esker (59-58), baina gasteiztarrek alde txiki bat lortu dute berriro (64-58).
Azken lau minututan, Dusko Ivanovicen taldeak partida kontrolpean izan du. 50 segundoren faltan, Bjelicak partida erabaki du 2 + 1 batekin (71-63). Montenegroko pibotak 21 puntu lortu ditu eta Lagun Aroren amesgaiztoa izan da, Prigionirekin batera.