Orotara, 500 kazetarik eta 203 komunikabidek jarraituko dute Kopa Palau Sant Jordi kirolgunetik bertatik
Gero eta gutxiago falta da saskibaloi Kopa abiatzeko. Lagun Arok izango du txapelketari hasiera emateko ohorea, 19:00etan, Caja Laboralekin batera. Kopak ikusmin handia sortu du. Hortaz, Bartzelona eta Palau Sant Jordi kirolgunea saskibaloi zaleen erdigunea bilakatuko dira gaurtik igandea bitartean. Ondorioz, Kopa erakusleiho ezin hobea izango da donostiarrentzat eta euren babesleentzat.
Ikusminaren adibide, 203 komunikabide eta 500 kazetari inguru arituko dira Koparen berri zuzenean ematen, Palau Sant Jordi kirolgunetik bertatik; Argentina, Belgika, Lituania, Hungaria, Israel, Italia, Britaniar Handia eta Estatu Batuetako kazetariak, besteak beste. Orotara, 62 irrati, 55 egunkari eta internet bidezko 39 komunikabide izango dira kantxan zer gertatuko den berri ematen. Europa, Asia, Afrika eta Amerikan ikusi ahalko dira norgehiagokak, mundu osoko 90 herrialdetan telebistaz emango baitituzte partidak.
Bestalde, ACB Ligako jokalari onenak bertan izango direnez, begirale asko izango dira Bartzelonan; Estatu batuetako NBA Ligakoak, barne.