Sergio Iglesias: "Elvisi iseka egin gabe, ahal dudan guztia ematen dut bera gogora ekartzeko"
Sergio Iglesias; Mystery Train taldeko abeslaria
Elvis Presley zenaren larruan sartzen da Sergio Iglesias eszenatokira igotzen den bakoitzean, Mystery Train taldeko abeslaria baita; kontzertua eskainiko du laukote gipuzkoarrak bihar, Be Bopen.
2009ko udan sortutako Kentucky Trio taldea desagertzean jaio zen Mystery Train, 2011ean. Sergio Iglesias, berriz, Elvis Presley hil zen urtean jaio zen Urretxun, 1977an. Abeslari estatubatuarra abuztuaren 16an hil zen, eta ekainaren 26an jaio zen Iglesias, Elvisek azken kontzertua eman zuen egun berean. Hori jakin baino lehenagotik da Iglesias Elvisen jarraitzailea, eta IRUTXULOKO HITZAri bere taldearen eta biharko zuzenekoaren berri zehatzagoa eman dio.
Nola sortu zen Mystery Train?
Trintxerpeko Juan Carlos Kaperotxipi eta biok Kentucky Trioko kideak ginen, Iñaki Miguel pianista loiolatarrarekin batera. Kontzertu asko eman genituen Donostiako kaleetan eta tabernetan, eta Galizian eta Asturiasen ere egon ginen. Pianistak taldea uztea erabaki zuen, eta guztiz betetzen gintuen pasio honekin jarraitu ala ez erabaki behar izan genuen. Azkenean, aurrera egitea erabaki genuen eta Irungo Mikel Sukunza eta Errenteriako Daniel Fernandezekin sortu genuen talde berria.
Non entseatzen duzue?
Astigarragako industrialdean dugun lokalean entseatzen dugu. Astean behin elkartzen saiatzen gara, kontzertuetan dena emateko eta ahal dela dena ongi ateratzeko. Entseguek oinarrizko gidoia osatzeko balio dute, eta horri inprobisazioa gehitzen diogu.
Zergatik aukeratu zenuten izen hori taldearentzat?
Elvisen abesti baten izena da Mystery Train. Oso abesti elektrikoa da, eta taldearen soinua azaltzen duelako hautatu genuen. Aurreko taldean ez baikenuen gitarraren eta baxuaren elektrikotasunik.
Zergatik duzu hain gustuko Elvis?
Hamalau urte nituela bere irudiak eta musikak arreta deitu zidaten. Urteek aurrera egin ahala, hasieran begietatik sartu zitzaidan horrek hunkitu egin ninduen. Gainontzeko taldekideentzat Elvisen kontua nahiko berria da, baina gogoko dute egiten dutena, eta ongi dabiltza.
Kontzertu asko ematen dituzue?
Orain kontua nahiko zaila dago, krisiarengatik, eta ez ditugu nahiko genituenak bezainbeste kontzertu ematen. Iazko uztailean eman genuen lehen kontzertua Trintxerpen, eta ordutik kontzertu bat edo bi ematen ari gara hilabetero. Azken emanaldia urtarrilean Altxerrin emandakoa izan da, eta datorren astean Gasteizera goaz. Zaragozara ere joango gara, iaz bezala, Bartzelonako Elvisen jarraitzaileek antolatutako biltzarrean parte hartzera.
Elvis bezala janzten zara kontzertuetan?
Bai, Elvisen jarraitzailea naizen aldetik, errespetuz aritzen saiatzen naiz. Gehien gorrotu dudana, agian nahi gabe pertsona batzuk sortu duten jantzi zuriko Elvis lodi, ile-zangodunaren itxura da. Elvisi iseka egin gabe, ahal dudan guztia ematen dut bera gogorarazteko. Egunerokoan erabiltzen ez ditudan alkandorak janzten ditut, ilea beltzez tindatzen dut eta ile-zango luzeak uzten ditut. Eszenatokian egiten duguna janzten saiatzen naiz, eta gainontzeko taldekideen itxura ere antzekoa da.
Zer eskainiko duzue Be Bopen?
Emanaldi bakoitza desberdina izaten saiatzen gara. Ostirala izanik, kontzertu mugitua izango da, baina balada ezagunak ere joko ditugu. Bai guk eta bai ikusleek ongi pasatzea nahi dugu.
Kontzertua
- Taldea. Mystery Train, Elvis Tribute Band.
- Taldekideak. Mr.Grey Sergio Iglesias (abeslaria eta gitarra akustikoa), Juan Carlos Kaperotxipi (bateria), Mikel Sukunza (gitarrista bakarlaria) eta Daniel Fernandez (baxua).
- Tokia. Be Bop taberna, Salamanca pasealekua, 3.
- Data. Bihar, 00:00etan.



