Astebeteko epean, mila emakume baino gehiagok eman dute Lilatoian parte hartzeko izena
Lasterketaren antolatzaileek 2.200 partaideetara iristea espero dute, hots, iazko korrikalari kopurura
Donostiako 23. Lilatoirako guztia prest dago. Joan den astean ireki zuten izena emateko epea, eta dagoeneko 1.200 emakumek eman dute izena. Antolatzaileek iazko 2.200 partaideetara iristea espero dute; otsailaren 29a arte baitago izena emateko aukera. «Urtez urte hainbat ekimen bultzatu ditugu, herrietan Lilatoian parte hartzeko taldeak osa daitezen, eta oso emaitza onak lortu ditugu», adierazi zuen Lilatoi taldeko Arantxa Gurmendik. Eskoletan ere halako ekimenak bultzatzen ari direla azaldu zuen, 14 urte inguruko gazteen partaidetza bultzatzeko.
Lasterketa martxoaren 4ean egingo dute. Lasterketak bost kilometroko ibilbidea izango du, eta Bulebarrean izango du irteera, 11:00etan. Korrikalariak baino bost minutu lehenago, berriz, patinatzaileak irtengo dira, eta izena www.donostiroller.com-en eman behar da.
Eva Garces donostiarrak diseinatu du aurtengo lasterketaren kartela, eta Gurmendiren ustez, ongi baino hobeto islatzen du Lilatoiaren izaera. Antolatzaileek esan zioten zer nahi zuten azaltzea irudian, eta zuzenketak ere egin dizkiote: «Lilatoiko partaide guztiak ez dira emakume politak eta argalak, eta kartelean hori ikustea nahi genuen». Izan ere, adin guztietako emakumeak kirola egiteko biltzen ditu urtero Lilatoiak, eta hasierako helburua bete dutela harro dio Gurmendik: «Hasierako helburua emakumeek kirola egiteari beldurra galtzea zen, eta urtez urte lortu dugula ikusten dugu». Hari horri tiraka, Gurmendik onartu zuen antolatzaileentzako oso momentu polita izaten dela irteerakoa: «Urtero, irteerako musika entzuten dudanean hunkitu egiten naiz, eta malkoak irteten zaizkit». Hala, momentu horretan, egindako esfortzu guztiak merezi izan duela konturatzen omen dira. Hala ere, antolakuntza lanerako pertsona gehiagoren laguntza eskertuko luketela diote.
Naroa Agirrek banatuko ditu sariak
Lasterketa hazi egin denez, aurten Bulebarreko bide guztia hesiekin babestuta egongo dela esan zuen Lilatoi taldeko Itziar Igartuak. Gainera, San Martin kalean, bide bakarra izan beharrean, bi izango dira, korrikalariak ez pilatzeko. Sari ematea Alderdi Ederren egingo dute, aurreko urteetan bezala. Bertan, Naroa Agirre pertika jauzilari donostiarraren eskutik jasoko dituzte garaikurrak irabazleek.
Hitza taldeko kide izateko aukera dute korrikalariek:
IRUTXULOKO HITZAk, gainontzeko eskualdeetako Hitza egunkariekin batera, Hitza taldea osatu nahi du, hirugarren aldiz. 2011ean 26 emakumek egin zuten korrika Hitzaren izenean; eta hori gainditzea da helburua. Hitza taldeko kide izateko, aski da donostia@hitza.info posta elektronikora idaztea edo 943-46 72 36 telefonora deitzea. Partaide bakoitzaren izen-abizenak, herria eta harremanetan jartzeko telefono bat utzi behar dira. Hitza talderako izena eman arren, lasterketarako izen ematea egin beharko dute partaideek, euren kontura (www.lilaton.com). Hitza taldean parte hartzen duten guztiek elastiko bana jasoko dute opari.

