Carlos Mungia tenore donostiarra hil da
Carlos Mungia tenorea 90 urte zituela hil da Donostian. Opera, zarzuela nahiz euskal kantak interpretatu zituen Mungiak. Karmeldarren eskolanian hasi zen kantatzen, 1938. urtean Donostiako Orfeoiko kide bihurtu zen arte. 17 urterekin, Juan Gorostidiren zuzendaritzapean abestu zuen. Musika Hamabostaldian egin zuen bakarkako lehen emanaldia, jaialdiaren inaugurazioan, 19 urte zituela. Viktoria Eugenia Antzokian kantatu zuen Berliozen La condenacion de Fausto.
50eko hamarkadan Usandizagaren hainbat obra interpretatu zituen, eta 1957an Parisen kantatu zuen lehen aldiz, Ataulfo Argentak zuzenduta. Azken emanaldia Bartzelonan egin zuen, 1992an. 50 urtetik gorako ibilia egin zuen lirika munduan. Donostian omenaldia egin zioten 1990ean. Hileta elizkizunak Groseko San Ignazio elizan egingo dituzte gaur 19:00etan.