'El ultimo magnate' filmeko egileak zinezaleekin bilduko dira gaur
Euskadiko Filmategiaren Zineguneak ekimenaren urteko lehen emanaldia egingo dute Koldo Mitxelenan
Euskal filmeei bultzada emateko sortu zuen Zineguneak ekimena Euskadiko Filmategiak. Helburua, jendea zinemara joatea da, euskal filmak ikustera. Bide horretan, solasaldiak antolatzen ditu filmategiak filmetako sortzaileekin. Hitzaldi horietara zinezale guztiek izaten dute joateko aukera, sarrera doakoa izaten baita.
2012ko Zineguneak gaur bertan abiatuko da, El ultimo magnate filmaren inguruko mahai-inguruarekin. Koldo Mitxelenan izango da ekimena, 19:30ean. Bertan izango dira Olivier Van der Zee, filmeko zuzendaria, eta David Berraondo, filmeko ekoizlea. Filmaz hitz egiteaz gain, trailerra ere jarriko dute, eta sortzaileak edozein galdera erantzuteko prest egongo dira. Finean, Horacio Etxebarrieta bizkaitarraren bizitzako zati baten berri ematen du filmak. Pertsonaia ezezaguna askorentzat, baina oso interesgarria.
Datozen hilabeteetan ere, estreinatzen diren gainontzeko euskal ekoizpenekin, halako topaketak antolatuko ditu filmategiak.