Añorgako errepidea pasealeku bihurtzeko egitasmoa "premiazko inbertsioa" dela dio Nora Galparsoro zinegotziak
Hirigintzarekin batera, Herri Lan eta Proiektu Saila da udalaren inbertsioen zatirik handienetakoa bereganatzen duena. Aurten, 76,4 milioi euro jasoko ditu, iaz baino hamar milioi euro gutxiago. Udal aurrekontuaren laurdena baino gehiago bereganatuko du. Añorga eta Loiolako errepideak pasealeku bilakatzea jo ditu Nora Galparsoro Herri Lan eta Proiektu zinegotziak inbertsio nagusi.
Añorgan I-Nazionala pasealeku bihurtzea «premiazko inbertsioa da eta ezin da gehiago itxaron», adierazi du Nora Galparsorok: «Errepidea auzoa itotzen ari da eta bizilagunentzat arriskutsua da». Burutu nahi den eraldaketa handia izango da eta pausoz pauso joango dira. Lehen faseko proiektua egiteko 100.000 euro bideratuko dituzten aurten. Lanak hurrengo bi urteetan abiaraziko dituzte eta 2013rako 2.271.000 euro gordeko dituzte; 757.000 euro 2014 urterako. Pasealekuaz gain, Añorga Txikiko parkea eraberritzeko asmoa dutela aurreratu du Galparsorok eta 50.000 euro gastatuko dituzte.
Loiolako errepide nagusiaren eraldaketari ekin nahi diote, halaber. Proiektua egiteko, aurten, 50.000 euro beharko dituztela kalkulatu dute. Hurrengo hiru urteetan, berriz, Loiolak pasealeku zabala izan dezan, bost milioi eurotik gora inbertituko dituzte.
Herreran ere auzotarrak bereizi eta patxadaz egoteko eremurik gabe utzi ditu I-Nazionalak. Udal gobernuak oinezkoentzako eremuak eta aparkaleku bat zabaltzeko asmoa du 342.000 eurorekin.
Ametzagainako parkeko luiziak ekiditeko neurriak hartzea Herri Lan eta Proiektu sailak aurten esku artean izango duen beste egitasmo bat izango dela jakinarazi du zinegotziak. 250.000 euroko ekarpena egingo dute. Egun itxita dagoen Zubiaurreko zubia –Renfeko trenbideak gainetik igarotzen da– berritzeko, berriz, 123.900 euro beharko dituzte. EuskoTreneko trenbideen gainetik igarotzen den Autonomia kaleko zubia ere berritu nahi dute –32,697 euro–.
Nora Galparsorok, era berean, Federico Garcia Lorca eta Loiolako Erriberara Egiako parketik barrena doan ibilbidean aldaketak egin nahi dituztela aurreratu du. Egiako parketik aurrera doan bideak malda handi xamarra duenez, aldapa leuntzeko 95.000 euro gastatuko dituztela zehaztu du zinegotziak.
Hiria garbi izateko: 11,9 milioi
Gastuak murrizteko ahalegin berezia egin dutela azpimarratu du Nora Galparsorok. Hiri garbiketan edota zabor bilketan behar baino gehiago ez gastatzeko, herritarrei birziklatzeko eta garbiak izaten jarraitzeko aldarrikapena egin du zinegotziak. Atalotan udalak egingo duen gastua ez dela batere apala nabarmendu du. «Donostia garbi mantentzeko 11,9 milioi euro gastatzen ditugu urtean, 2.000 milioi pezeta; zaborra jasotzeko, berriz, 16 milioi euroko aurrekontua osatu dugu».
Udan hondartza zerbitzua eskaintzeko aurrekontua 1,9 milioi eurokoa da. 2011koa baino %5,39 txikiagoa izango da. Gastuak murrizteko xedez, neguan Ondarretako kabinak itxi egingo dituztela jakinarazi du Nora Galparsorok.


