Askatasunaren hiribidea eta Aldamar artean bertakoek soilik aparkatuko dute
Parte Zaharra oinezkoen gotorleku bilakatzea da udal gobernuaren erronka. Udaleko Mugikortasun sailak ondorengo egunetan ezarriko dituen neurrien bitartez, autoen sartu-irtena kontrolatuko dute auzoan.
Bizilagun ez direnek bi aukera izango dituzte Parte Zaharrean autoa uzteko: lur azpiko aparkalekuetan sartu ala Salamanca pasealekura eta Pasealeku Berrira jo. Askatasunaren hiribidetik Parte Zaharrera doazen kaleak bizilagunentzat izango dira soilik. Aldamar, Camino, Garibai eta Peñaflorida kalean ez da TAO zerbitzurik egongo, beraz. Bizilagunek 92 toki gehiago izango dituzte autoa uzteko. Kanpotik datozenek, berriz, 137 toki gutxiago.
Aparkaleku galera handia da PSE-EEko bozeramaile Enrique Ramosen esanetan. Mugikortasun sailak, gainera, neurriok «inongo aholku eta iritzirik eskatu gabe» hartu duela kritikatu du. Erabakia «arinegi» hartu dutela eta dendari nahiz tabernariengan eragina izango duela uste du Ramosek. Egun, nahiz eta aparkalekuetako eta Erdialdeko TAO txartelaren prezioak parekoak izan, «afaltzera joateko ala ikuskizunen bat ikusteko autoa 19:00etan uzten dutenek ordubeteko TAO txartela ordaindu behar dute soilik; lur azpiko aparkalekuan sartuta, berriz, askoz ere garestiagoa izango da», esan du Ramosek.
Motoz dabiltzanentzat ere gune berriak eratuko ditu Mugikortasun sailak ondorengo asteetan. Kai inguruan, Bilintx eta Kanpandegi kaleetako aparkalekuak kenduko dituzte. Bretxa inguruan izaten den moto pilaketarekin ere bukatu nahi dute. San Juan, Hernani, Okendo eta Aldamar kaleetan jarriko dituzten guneekin 600 bat motorentzako tokia egongo dela jakinarazi du Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak. Aldamar kalean, zamaketa lanetarako bideratuko duten txokoan, zamaketa ordutegitik kanpo aparkatu ahal izango dute motoek.
Kamerak lau kaletan
Zamaketa lanetan aritzen diren gidariek adi erreparatu beharko diete Mugikortasun sailak ezarriko dituen aldaketei. Kamioi eta autoak firin-faran ibil ez daitezen, norabide bakarrekoak izango dira Parte Zaharreko kaleak. Ibilgailuak etxe atarien aurrean utz ez ditzaten lau banaketa eremu bereizi dituzte, halaber: Konstituzio plaza, San Juan kalea, Bulebarra eta Koruko Amaren kalea. Zamaketa ordutegia mantenduko dute –goizeko 7:00etatik 11:30era– eta ibilgailuek, gehienez, 40 minututan egin beharko dute banaketa.
Auzora, gainera, ezingo du nahi duenak baimenik gabe sartu. Iñigo, San Juan, Bulebarrean eta Mari kalean kamerak jarriko dituzte eta maiatzetik aurrera Parte Zaharrean sartzen den ibilgailu ororen matrikula irakurriko dute. Hortaz, Mugikortasun sailaren datu basean izena eman ez duten autoek isuna jasoko dute.
Zamalanetan aritu behar dutenek eta autoarekin auzoko kaleetan sartu behar dutenek martxoaren 1etik apirilaren 15era bitartean Mugikortasun sailean (943-481380) eta Donostiako Udalaren webgunean (Donostia.org) egin behar dute datu basean sartzeko eskaera. Aldaketen berri emateko argibide orriak banatuko dituzte.


