Gehiengoa duen Gipuzkoako herrietan atez ateko bilketa ezarri nahi du Bilduk
Donostian, Andoainen eta Oreretan zer gertatuko den ez dago hain argi, Bilduk ez baitu gehiengorik.
Datorren urteko udaberrirako Bilduk gehiengoa duen udaletan atez ateko hondakinen bilketa sistema jada ezarrita egotea nahi du. Bihar Legorretan emango dute lehen urratsa, udalbatzarrean aurkeztuko dute-eta proposamena, eta Bilduk gehiengoa duenez, aurrera aterako da.
Hondakinen inguruko auzia Gipuzkoako beste 34 herrietara eramango dute ondoren. Martxotik aurrera, Tolosan, Azpeitian, Zarautzen, Arrasaten, Oñatin eta Bergaran, besteak beste, udalbatzarretan aztertuko dute atez atekoa. 2013ko martxoan benetako bilketa hasiko dela espero dute. Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuola izan ziren atez ateko bilketa egiten hasi ziren lehen herriak. Donostian, Oreretan eta Andoainen zer gertatuko den ez dago jakiterik, Bilduk ez baitu gehiengorik.