"Soldadu plaza igerileku bat da neguan", dio Ramon Gomezek
PP eta PSE-EE bat datoz Amarako hainbat plazek txukuntzeko duten premiarekin. PPko bozeramaile Ramon Gomezek Soldadu plazaren egoeraren berri eman du: «Neguan igerileku bat da», dio. Euria egiten duen bakoitzean putzu handiak sortzen direla deskribatu du.
Soldadu plazaren azpian dauden aparkalekuetara urik ez sartzeko lanak egin zituzten eta plaza goitik behera eraberritu zuten 2007an. Plaza txukuntzeko udalak 1,5 milioi euro gastatu zituela zehaztu du Ramon Gomezek. «Dirua alferrik xahutu da, ordea, plaza egoera penagarrian dagoelako», salatu du.
Soldadu plaza ez ezik, Amarako Etxeberri, Merkatari eta Donostiar Kofradien plazan ere utzikeria nagusi dela jakinarazi du Denis Itxaso PSE-EEko zinegotziak. Putzuak, haur jolas zaharrak… txukuntzeko neurriren bat hartu beharko litzatekeela aditzera eman diote Herri Lan eta Proiektu Saileko Nora Galparsoro zinegotziari. Hark, baina, «beharrik ez» dagoela erantzun diela azaldu du Denis Itxasok.

