AHTaren aurkako billete zigilatzea egingo dute, bihar, Bretxan
Mugitu! Mugimenduak AHTaren aurka hainbat pertsona ezagun elkartuko ditu, bihar eguerdian, Bretxan.
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako Mugitu! Mugimenduak desobedientzia kanpaina abian jarri zuen oraintsu. AHTa eraikitzean egiten ari diren diru xahuketarekiko arbuioa islatzeko, billeteetan “AHT-TAV STOP! 1 4.790 euro/pertsona bakoitzeko” leloa zigilatzen ari dira. Izan ere, kopuru hori baita azpiegitura egiteko Hego Euskal herritar bakoitzeko gastatuko dutena.
Urrats bat gehiago egin, eta bihar, kalean billeteak zigilatzeko jarriko dituzten mahaietan hainbat lagun ezagun bilduko dituzte, AHTaren aurkako jarrera eta kanpainari babesa adierazteko. Donostian, Bretxako azokan elkartuko dira, 12:00etan.