Arbide dorreetako Biokutxa eraikina inauguratu dute
Lehen harria jarri eta urtebetera inauguratu dute Biokutxa eraikina Miramongo Teknologia Parkean. Kutxak 8 milioi euroko inbertsioa egin du bertan. Arbide dorren azpian egindako instalazio berrian 100 ikerlari hartzeko tokia dago. Hain zuzen ere, Arbide dorreen berritze eta zabaltzearen emaitza da finantza entitatearen Gizarte Ekintzaren parte den azpiegitura berria. Dorreetako batean oraindik ere lanean ari badira ere, Biokutxak badauka bere lehen erabiltzailea. Izan ere, Kutxak Inbiomed fundazioari aterpea eman baitio biomedikuntza ikerkuntzara bideratutako eraikinean.
Fundazioko arduradun Gurutz Linazasorok aurkezpenean aurreratu duenaren arabera, 2015erako zelulen ikerketa biomedikoan erreferente izan nahi dute, eta “azpiegitura berriak horretan lagungarri izango da, 100 pertsona inguru izatea ahalbidetuko duelako”. Egun, 50 pertsonak egiten dute lan fundazioan, eta horietako 40 biomedikuntza alorreko ikertzaileak dira.
Biokutxa eraikinak Arbide dorreen kanpoko itxura mantentzen du, hala ere, beste 3.000 metro karratu gehitu dizkiote, lur azpian egindako aretoei esker.