Loiolako Erriberako autobus geltokia 2015eko uztailerako prest egongo litzateke
Donostiako udal gobernuak lehen urratsa eman du Loiolako Erriberan autobus geltokia egiteko; oinarrizko proiektua onartu du gaur. 2015. urteko uztailerako bukatuko lituzkete lanak, eta 25 milioi euroko aurrekontua izango luke. Atotxan aurreikusitako proiektuak, berriz, 30,8 milioi euroko aurrekontua du. Ia 6 milioi euro merkeagoa izango litzateke Loiolako Erriberakoa. 28 autobusentzat izango du tokia, eta inguruan, 300 autorentzat aparkalekua. Intermodalidadea bermatuko luke eta autobusak ia zuzenean sartuko lirateke Urumeako autobidera, hiriko trafikoari ia eragin gabe. Oroimenaren Lorategiaren parkearen azpian egin nahi dute geltokia.
Halere, osoko bilkuran beste alderdiren baten babesa lortu beharko du Bilduk, proiektuak aurrera egin dezan. Rikardo Burutaran hirigintza zinegotziak Loiolako Erriberako proiektua aukeratzeko “irizpide tekniko soiletan” oinarritu direla adierazi du, eta garai batean denek aukera hori defendatu zutela ekarri du gogora: “Loiolako Erriberan autobus geltokia egiteko ideia ez da berria. Ez da gurea. Indar politiko guztiek jo zuten ontzat bere garaian. Eta gerora alboratu egin zuten. Gaur berriro ere aukera hori mahaigainean jarri dugu”.