Montanier: "Helburua ez da hainbeste kopako gertaera hartatik mendeku hartzea; baizik eta partida on bat jokatzea, eta garaipena lortzea"
Philippe Montanier Realeko entrenatzaileak txuri urdinek igandean (18:00) Mallorcaren aurka jokatuko duten partidaz hitz egin du gaur prentsaren aurrean. Zurutuza eta Demidov jokatzeko daudela, eta Elustondo, berriz, ez dela iritsiko azaldu du. Montanierrek puntu beharrean daudela esan eta, “ondo bagaude zaila izango da gu irabaztea”, adierazi du.
Mallorcaren zelaian gertatutakoa ez du ahaztu Realak. Montanierrek berak aitortu du txuri urdinen aulkian eseri denetik hartu duen kolperik latzena izan dela. Halere, partida hark utzitako oroitzapen txarrak igandeko neurketari gogo biziz ekiteko indarra emango diela esan du: “Helburua ez da hainbeste kopako gertaera hartatik mendeku hartzea, baizik eta partida on bat jokatzea, eta garaipena lortzea”.
Illarramendiri jarritako zigorraren inguruan ere galdetu diote prentsaurrekoan. Ez du gehiegi busti nahi izan, ez dituelako futbol batzordeen irizpideak ondo ezagutzen, baina argi adierazi du erabaki gogorregia izan dela.