Camara Gueyeren lanetan Picassoren eragina argi ikus daiteke.
Groseko Arteko galeriak Camara Gueye margolariaren lanak ikusgai izango ditu ostiralean irekiko duten erakusketan. Gueye senegaldarraren obra
Soleil et vie a Dakar izenpean bildu dute. Iparragirre kaleko arte galerian ez ezik, Bilboko Kalao erakustaretoan ere izango dira afrikarraren margolanak, bien arteko elkarlanaren emaitza delako erakusketa.
Martxoaren lehenetik apirilaren 30era iraungo du erakusketak. Berau Gueyeren lanak Donostian bakarka ikusteko lehen aukera izango da; duela urte gutxi taldekako erakusketa batean erakusgai izan zirelako bere arte lanak Artekon.
Senegaldarraren lanak Afrikako kultura plastikoa eta Mendebaldeko eraginak uztartzen ditu, beti ere, indarrari eta jatorrizko lurraldearen estetikari eutsiz. Besteak beste, oso erraz ikus daiteke Picassoren eragina afrikarraren irudigintzan. Margolan hauek formatu handikoak dira eta hormakoak izatetik oso gertu daudela iragarri dute arte galeriako arduradunek.