Dejabu taldearen 'Gure bide galduak' antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Saria
Donostian taularatutako euskarazko obrarik onena saritzen du Donostia Antzerki Sariak. Aurtengo irabazlea Dejabu taldearen ‘Gure bide galduak’ antzezlana da. Gaur bertan eman dute albistearen berri eta saria martxoaren 27an jasoko dute aktoreek, Viktoria Eugenia antzokian. Zehazki, 10.000 euro eta Txiki Agirre artistaren margolan bat biltzen ditu sariak. Ondoren, 2015. urtea arte izango du taldeak hirian beste antzezlan bat aurkezteko.
Euskal Herriko historia hurbila abiapuntu hartzen duen lan honek –Franco hil ondorengo lehen urteak, hain zuzen- baserri girotik hirira Magisteritza ikasketak egitera doan neska baten gogoetak ditu ardatz. Gaztearen utopia, amets eta desenkantuari buruzko kontakizuna da Gure bide galduak. Gure memorietatik berreskuratutako piezekin sortutako gaurko ipuina.
Errautsak antzezlanari esker ezagutu dute antzerkizale askok Dejabu konpainia. Artedrama eta Le Petit Theatre de Pain taldeekin elkarlanean sortutako antzezlana da. Hala, Dejabuko Ainara Gurrutxagak eta Urko Redondok Donostia Antzerki Saria eskuratu zuten iaz, lan horri esker.