Iñigo Ortega: "Ezinezkoa da ikusleak zer jasotzen duen jakitea; niretzako, 'Hura ez da lekua' olerki bat da"
‘Hura ez da lekua’ obra taularatuko du Metrokoadroka kolektiboak, ostiralean, Ernest Lluchen
Oarsoaldeako hainbat lagunek Metrokoadroka kolektiboa sortu zuten Errenteriako Mikelazulo Kultur Elkartean. Ikuskizunak sortu eta eszenaratu ditu taldeak azken urteotan, eta Donostiara ekarriko du Hura ez da lekua, ostiralean. Saltzaile bat etxez-etxe eta atez-ate ibiliko da, maletan daraman zoriontasuna saltzeko helburuarekin. Ikusleak bere bidaietan barrena ezagutuko du saltzailea, eta bien bitartean, beste hainbat gauza gertatuko dira. Izan ere, Metrokoadroka kolektiboa hainbat alorretako artistek osatzen dute, eta ikuskizun bereziak sortzen saiatzen dira. Oraingoan, Oier Guillan eta Asier Sarasolaren poesia, Ander Fernandez musikaria, Iñigo Ortega aktorea eta Idoia Beratarbide margolaria izango dira taula gainean. Ikuskizunaren berri zehatzagoa izateko, Iñigo Ortega aktorearekin (Pasaia, 1975) bildu da IRUTXULOKO HITZA.
Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean murgildu zen Iñigo Ortega, eta beretzako «sekulako esperientzia polita» izan zela aitortu du. Hala ere, aktore bezala aurrera egiteko, zerbait gehiago behar zuela iruditu zitzaion, eta lagun batek gomendatuta, Londresera joan zen, bere teknika sendotzera. 2008tik Londresen ostatu hartuta, alde batera eta bestera mugituz ibili zen Ortega. Euskal Herrira itzuli zenean, Loiolan finkatu zen, eta hor bizi da gaur egun. Metrokoadroka kolektiboko kide egitera gonbidatu zuen lehenagotik ezagutzen zuen Oier Guillanek, Hura ez da lekua ikuskizunerako, eta hala egin zuen. Euskal Herriko hainbat txokotan ikuskizuna garraiatu dute urtebete inguruan. Hala ere, oraindik Ortegari kosta egiten zaio ikuskizunaren nondik norakoak zehaztea. «Ezinezkoa da ikusleak zer jasotzen duen jakitea; niretzako, Hura ez da lekua olerki bat da», dio Ortegak. Ikuskizunean saltzailearen rola hartzen duena Ortega bera da, baina ikuskizun bakoitzean erosleak desberdinak direnez, aldaketak egoten dira. Azken batean, ez da idatzitako gidoi bat jarraitzen duen ikuskizuna, eta inprobisazioak badu bere tartea.
Ortega da ikuskizuneko aktore bakarra, baina argi dago horrek ez duela batere kikiltzen. «Aktore bakarra izanda ere, prozesuan familia bat sortzen da guztien artean». Azken batean, aktoreentzako zailena protagonismoa galtzea dela aitortu du Ortegak. «Poesia, musika, margoa eta antzerkia daude, eta aktoreek gure lana agertzea dugu gustuko; aktore bat ikusle gabe ez baita ezer ere. Badu bere erronka aktore bakarra izateak, baina beste aktore batekin ez borrokatu behar izatearen abantaila ere badu».
Orain arteko emankizunekin oso gustura dagoela dio Ortegak. «Halako lan motekin kulturak sortzen duen merkatuan parte hartzea ez da erraza. Beraz, urtebetez Hura ez da lekuak izan duen ibilbidearen irakurketa oso baikorra egingo nuke pertsonalki». Hala ere, «txanpaka» lan egin izan dutela azaldu du. Hau da, jarraian emanaldi bat baino gehiago izan dituzte, eta tartean, etenaldi luzeak. «Hilabetean bi emanaldi egingo bagenitu hobe izango litzateke; hiruzpalau hilabetean geldirik egon, eta ondoren hilabete batean hamar egitea baino. Bestela, berriro ere estreinatzen ari garela dirudi».
Donostiako bigarren aukera
Euskarazko halako ikuskizunak topatzea zaila dela dio Ortegak. Donostian, ordea, bigarren aldiz izango da Hura ez da lekua. Viktoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan izan zen lehenago, eta hainbat lagunek kalean geratu behar izan zuten, ehun bat ikuslerentzako aretoan tokirik gabe geratu zirelako. Ostiralekoa, hirian ikuskizunaz gozatzeko bigarren aukera izango da, eta ezin duenak, ekainean izango du hirugarren aukera bat, Urgulleko Guardetxean.
Metrokoadroka kolektibotik at ere lan egiten du Ortegak eta Pasaian antzerki irakaslea izateaz gain, beste antzerki talde batzuetan ere aritzen da. Anakrusa taldearekin, Donostiako dFeria azokan izango da, Tempus temp dantza eta antzerki ikuskizuna aurkeztuz.
IKUSKIZUNA:
- Zer. ‘Hura ez da lekua’, Metrokoadroka kolektiboaren ikuskizuna. Poesia, musika, antzerkia eta margoa nahasten ditu.
- Partaideak. Oier Guillan eta Asier Sarasolaren poesia, Ander Fernandez musikaria, Iñigo Ortega aktorea eta Idoia Beratarbide margolaria.
- Noiz. Martxoak 2, ostirala, 19:30ean.
- Non. Amarako Ernest Lluch kultur etxean.

