Oier Oa Parisera eraman dute epailearengana
Hainbat eragilek atxiloketa salatzeko adierazpena sinatu dute.
Joan den ostiralean atxilotu zuten Angelun Oier Oa gazte donostiarra. 2009ko urritik ihes eginda zegoen, Espainiako Poliziak Segiren aurkako operazioa egin zuenetik, eta bere aurkako epaiketara agertu ez zenetik. Baionako polizia etxetik Parisera bidean daramate, epailearengana.
LAB, STEE-EILAS, Gazte Independentistak, Gazte Abertzaleak, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba eta Ezker Abertzaleak adierazpen bat plazaratu dute gazte donostiarraren atxiloketaren harira. “Espainiako eta Frantziako estatuek badakite orain artekoa bidegabea izanik ere, jada ezin dutela beren bortizkeria justifikatzen jarraitu. Konponbide politikoaren prozesua ireki du Euskal Herriak eta estatuek ezin dute hori ukatu”.
Adierazpena sinatu duten eragileen ustez, “errepresio jardun bortitz bera mantendu nahian dabiltza bi estatuak. Joan den astean hiru atxiloketa egin izana, eta beste behin atxilotuek torturak salatu izana, soilik logika errepresibo ero horren baitan uler daiteke”. Hori dela eta, joan den asteko atxiloketak eta torturak salatu dituzte: “Oier Oa donostiarraren atxiloketaren salaketa nabarmendu nahi dugu, eta ere berean bere askatasuna aldarrikatzen dugu”.
Erlazionatutako edukiaOier Oa donostiarra atxilotu dute Angelun