Pentsiodunen bizi-baldintzak bermatzeko eskatu du Hego Euskal Herriko pentsiodunen plataformak
Hego Euskal Herriko pentsiodunen plataformak muturreko egoerak “arintzeko” eskatu die udalei eta aldundiei gaur goizean Koldo Mitxelenan egindako agerraldian. Berriki Mariano Raxoiren gobernuak erabakitako pentsioen izoztearen aurrean, “honen ondorioak txikitu eta bizi baldintzak bermatzeko neurriak” har ditzatela eskatuko diete aldundi eta udalen gizarte zerbitzuen arduradunei datozen egunetan. Azken urteetako erabakiek Kontsumo Prezio Indizearen bermea baztertu eta prekarietate handiagoa ekarri dutela salatu dute. Horren adibide, 671 euroko pentsioa jasotzen duten alargunak (lautik bat); 375 jasotzen dituzten SOVIko pentsiodunak (pentsiodunen %7) edo 403 eurotako umezurtz pentsioak aipatu dituzte.