Saharan bizi duten egoera ezagutzeko jarduerak antolatu dituzte
Mohamed Salem Bouamoud ekintzaile sahararrak hitzaldia emango du martxoaren 7an, Aieteko jauregian
Sahararrek bizi duten egoera ezagutzeko elkartasun hamabostaldia antolatu dute. Ondorengo egunetan herrialde hartako emakumeak nola bizi diren bertatik bertara ezagutzera ematen duen Saharar emakumea naiz dokumentala eskainiko dute hainbat euskaltegitan. Atzo bete ziren, gainera, 36 urte Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuteneko 36. urteurrena eta Saharako bandera igo zuten udaletxean.
Elkartasun keinu horrekin batera, otsailaren 18an, elikagaiz betetako sei kamioik Tindufeko kanpalekuetarako bidea hartu zuten. 1986tik Donostiako Udalaren eta Mendebaldeko Sahararen arteko lotura estua dela nabarmendu du Jon Albizu Lankidetza zinegotziak.
Martxoaren 7an, Mohamed Salem Bouamoud ekintzaile sahararrak hitzaldia emango du Aieteko jauregiko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean. Campamento Gdem Izik bideoa ikusi ahal izango da 19:00etan eta, 19:15etan, Mohamed Salem Bouamoudek Aaiuneko Kartzela Beltzean igarotako hiru urtetako bizipenak kontatuko ditu.
Mendebaldeko Sahararentzat autodeterminazio erreferendum bat eskatzeko manifestazioaren ondorioak pairatu ditu Mohamed Salem Bouamoudek. Mobilizazio baketsua zena amesgaiztoan bilakatu zela kontatu du sahararrak. Polizia etxera eraman zutenean, informazioa ateratzeko gainean pixa egin ziotela salatu du, eta bere etxera sartu zirenean bere senitartekoei egindako ankerkeriak deskribatu ditu. Bere lekukotasunak sahararrek bizi duten egoera ulertzen lagunduko duela uste du; horregatik, martxoaren 7an emango duen hitzaldira joatera gonbidatu ditu donostiarrak.
