Goiak dio Erdialdeko aparkaleku sistema aldaketak "egonezina" sortu duela
Neurririk hartu baino lehen, udal talde eta auzotarren artean eztabaida zabaltzeko eskatu du
Askatasunaren hiribidetik Parte Zaharrera doazen kaleetan TAOa kendu eta bizilagunentzako aparkaleku bilakatuko dituztela iragarri zuen Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak. Erabaki horrek ostalari eta dendarien artean «egonezina» sortu duela salatu du Eneko Goia EAJko bozeramaileak. Mugikortasun sailak pausorik eman aurretik eztabaida zabaltzeko eskaera egin du Goiak, halaber. «Bilduk hartutako erabakia inori aholku eta iritzirik eskatu gabekoa izan da», adierazi du.
Kezkatuta dauden hainbat ostalari eta dendariren deia jaso dutela kontatu du Martin Ibabe EAJko zinegotziak. Neurriok kaleotako denda eta tabernetan izan ditzaketen ondorioen beldur direla azaldu du.
Proposatutako aldaketak ezartzeko zertan oinarritu diren galdetu du Ibabek. TAO araudia berritzeko lan talde bat osatu dute eta lan talde horretan gaia ez dela jorratu erantsi du zinegotziak.
Herenegun egin zen Mugikortasun Aholkularitza Batzordean gaia mahai gainean jarri zutela eta bertan parte hartu zuten eragileen artean neurria ez zutela begi onez ikusi aditzera eman du Ibabek. Jon Albizuk, aldiz, gaiak zalaparta berezirik sortu zuenik ukatu du. Dena den, aparkatzeko sistema aldaketa batzordean argitara eman baino lehen komunikabideen aurrean azaltzea akatsa izan zela onartu du Bilduko zinegotziak. Era berean, mahai gainean jarritako neurriekin aurrera egingo dutela argi utzi du.
Bidegorria
Asteleheneko batzordean jorratutako beste gai bat Ategorrietako eta Zurriolako bidegorriak lotzeko Nafarroa hiribidean eraikiko duten bidegorria izan zen. Irutxuloko Hitzari azaldu bezala, udarako eraiki nahi dute bidegorria eta behin betiko proiektua egiteko eskaera egin dute jada.
