Deusto Business Schoolen XVIII. 'Marketineko aretoa' bihar abiatuko da
Salmenta eta marketin alorreko profesionalei zuzendutako Marketineko aretoa-ren XVIII. aldia bihar hasiko da; hala ere, eta saio independente gisa antolatuta dagoenez, oraindik ere izena eman daiteke intereseko ekimenetan parte hartzeko. Deusto Business Schoolek Donostiako campusean gauzatzen duen ekimenak lau saio izango ditu; hain zuzen ere martxoko lehen lau ostegunetan. Beste horrenbeste gai nagusi jorratuko dituzte saioetan; hurrenez hurren, Merkatuko berrikuntza, Berrikuntza eta sormena enpresan, Marka eta komunikazioa eta Marketina aro digitalean.
Deusto Business School-ek antolatutako hitzaldi sortan puntako enpresetako marketin arduradunak izango dira hizlariak; besteak beste, Donostiako Hispavista enpresako arduradun Unai Elosegik emango du bere enpresaren sorreraren esperientziaren berri.
Jardunaldien antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraindik ere bertan parte hartzeko aukera dago. Programaren inguruko zehaztasun gehiago eskuratzeko eta izena emateko webgune honetara jotzea gomendatzen dute.