Elkano Browning Cream taldeak disko berria aurkeztuko du Bukowskin
Mikel Azpiroz musikariaren taldeak ‘Bohemia’ diskoa kaleratuko du. Donostian Bukowskin aurkeztuko dituzte kanta berriak, martxoaren 10ean
Elkano Browning Cream talde donostiarrak bira berriari ekingo dio, martxoaren 9an. Bira Madrilen hasiko du, eta Donostia, Iruña, Granada, Cadiz, Sevilla, Mahon, Getafe, Oporto eta Bartzelonan izango da taldea. Hori gutxi balitz, Indian ere beste hiru kontzertu emango ditu; horietako bat, New Delhiko jazzaldian. Donostiako kontzertu bakarra, Egiako Bukowskin izango da, martxoaren 10ean, 22:00etan.
Aldi berean, Bohemia izeneko hirugarren diskoa argitaratuko dute laster, Mamusik disko etxearen eskutik: «Instrumentu akustikoen bitartez, musika mediterraneo eta zingaro kutsuetako soinuetara bidaiatuz, kaleko doinu ibiltarien arimak erakarrita», dio taldeak diskoaz. 2006an Txinan grabatu zuen lehen diskoa, Elkano Browning Cream, eta 2010ean iritsi zen bigarrena, Elkano Browning Cream 2.

