Hotelaren kanpoaldea (Argazkia: Londres hotela).
Londres hotela urte hasieran itxi zuten, zaharberritze lanak egiteko asmoz. Obrak amaituta, gaur irekiko dituzte berriro ateak, hainbat aldaketekin. Logela berrietan hoteletik pasa diren bezero ezagunei egindako begi-keinuak ikus daitezke; Luis Mariano, Mata-Hari edo Zinemaldiko aktoreei ohore egin diete dekorazio bereziarekin, esaterako. Hubert Le Blond hegazkinlaria ere gogoan izan dute hari dedikatutako logelan. Frantziarrak Kontxako badian galdu zuen bizia 1910ean, erakustaldi bat egiten ari zela hegazkinarekin istripua izan ondoren. Hil-kapera Londres hotelean bertan jarri zuten.