Goardakoa baino, zain dagoen aingerua
Ibaetako jai batzordeko kideek aspalditik dute jaien egun handia ospatzeko errezeta. Eta gustuko denik zalantzarik ez da. Martxoaren lehenean jende ugari biltzen baita Aingeru Goardakoaren erromerian.
Aingeru Goardakoaren erromeria, tradizioz betetako jaia da. Izan ere, bere egitaraua osatu ohi duten ekitaldiak, jada, martxoaren leheneko klasiko bilakatu baitira. Aurtengoa bisurte izanik, egun bat gehiago luzatu da itxaronaldia, baina merezi izan zuela dirudi. Goizeko behe lainoa desagertzen joan, eta eguzkiak hartu zuen baselizaren talaia ederra. Eguraldia lagun, ohi baino jende gehixeago bildu zen zabalgunean goizeko egitarauaz gozatzeko.
Elizarekikoak eginda, eguerdian hasten da Aingeru Goardakoaren erromeria; hamaiketakoa trikitixa eta pandero doinuek alaituta. Nahi duenak txorizo edo haragi egosi pintxoa jan, saldarekin berotu, eta sagardoarekin edo ardoarekin egarria berdintzeko aukera izaten du urtero. Kazola artean hutsune nabarmena: Juanjo Galdona. Saltseroari osasun arazo batek eragotzi zion erromerian parte hartzea, baina datorren urtean itzultzea espero du Fernando Diezek. Jai batzordeko kideak azaldu zuenez, hamabi urte dira jaien ardura dutela, eta aurretik egiten zenari eutsi baino ez diote egin. Hala jarraituko dute “martxoaren 1ean, Aingeru Goardakoaren eguna uztailera aldatu duten arren”.
Baselizara bertaratu ohi diren Ibai Ikastolako 5. mailako ikasleek, ezeren gainetik, Gorritiren animaliekin jolasteko irrika izaten dute. Atzo sustoren bat edo beste izan zen. Ez sokak lotutako bigantxak inor zauritu zuelako –haur bat apatxarekin minberatu zuen arren– ikuskizunik izango ez zela uste izan zutelako, baizik. Ordulariak aurrera egiten zuen, eta Gorritiren arrastorik ez zen. Urduritasunak hartu zituen gaztetxoak. Ez ote zen agertuko? Mutikoak baserriko zaldiei belarra jaten emanez itxaron zuen; neskatoak, berriz, andereñoari jarraituz dantzatu ziren. Gazteen indarrak, adineko beste batzuk ere animatu zituen oinak mugitzera. Dantza eta belar artean zebiltzala, jaien izar nagusia agertu zen.
Hesia azkar-azkar prestatu, eta minutu gutxitan zalditxo eta asto gainean ibiltzeko borrokan zebiltzan haurrak. Gorritik nora esan, eta animaliak hara joaten ziren. “Bera da egiazko ikuskizuna”, esan zion emakume batek ondoan zuenari. Eta hala da. Ikusleak agurtu, haurrak zirikatu, animaliei aginduak eman… dena berak egiten du. Bigantxari heldu izan ezik. Horretarako laguntzailea du. Gorritik ikuskizuna amaitutzat ematean, kamioiaren atea ireki eta zezentxoa korrika sartu zen barrura. Orduan, eguerditik zain zeuden bertsolariak oholtza gainera igo ziren. Berandu hasi ziren, eta horri heldu zioten denek agurra egiteko. Jai ederra izanagatik/ bertsolariak gero eta beranduago, esan zuen Beñat Gaztelumendik. Meza puntual puntual/baina bertsolariak berandu, gehitu zuen Unai anaiak. Andoni Egañak saioa ti-ta egitea proposatu zuen bi ordu baino hobe da/ ordu erdi bat; eta Sebatian Lizasok denontzan izan zedila: saio bat egingo dugu / denontzat balio duena. Eta hala ibili ziren, aurrean zuten haurrez, euren adin aldeaz… bertsotan.



