Pegamo Bera Berak Ohorezko Mailara igotzeko lehen aukera du igandean
Errugbi taldeak CRC Madrilen aurka jokatuko du Anoetako estadio txikian, igoera lortzeko helburuarekin
Pegamo Bera Berak bukatu du Ohorezko B Mailako Liga. Bigarren postuan geratu da bertan, 54 punturekin. Hernani izan da txapelduna, 69 punturekin. Orain, berriro ere gorengo mailara itzultzea da Donostiako taldearen nahia, eta horretarako borrokan hasiko da asteburu honetan.
Ohorezko B Maila bi multzotan banatua egon da. Orain, multzo bakoitzean lehenengoak geratutako bi taldeek beste multzoko lehenengo bi sailkatuen aurka neurtuko dituzte indarrak. Lehia horietako bi irabazleek zuzenean lortuko dute igoera, eta hori da Pegamoren ametsa. Hala ere, hirugarren batek ere lor dezake igoera. Izan ere, partida horietako bi galtzaileek partida bat jokatuko dute euren artean. Ondoren, irabazleak igotzeko bigarren aukera bat izango du, Ohorezko Mailako Ligako azken sailkatuari irabaziz gero.
Madril izango da Pegamo Bera Beraren aurkari zuzena. Etzi, igandea, Anoetako estadio txikian jasoko dute Madrilekoen bisita, 12:00etan. Eta noski, beharrezkoa izango duten zaleen babesa eskatu du taldeak. Ondoren, itzulerako partidaren txanda izango da, martxoaren 18an, Madrilen. Iaz bizitako jaitsiera lehenbailehen ahaztu nahi du Pegamok berriro ere Ohorezko Mailan lehiatzera igotzeko, onenen artean.


