Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia eta Donostiako Klasikoa egingo dituzte
Azkenean, beharrezkoa zuten dirua lortu eta gero, Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia eta Donostia Klasikoa egingo dituzte; aurten, behintzat. Bi lasterketak bertan behera geratzeko arriskuan izan dira, Eusko Jaurlaritzak diru laguntza nabarmen murriztu duelako. 53 urte jarraian antolatu dituzte aipatutako probak, eta aurten ere Euskal Herriko errepideetan izango dira txirrindulariak: Euskal Herriko Itzuliaren kasuan, apirilaren 2 eta 7a bitartean; eta Donostiako Klasikoari dagokionez, abuztuaren 14ean.
Eusko Jaurlaritzak 2012rako diru laguntza jaitsi ondoren sortu da arazoa; 360.000 eurotik 200.000ra murriztu du babesa. Antolakuntzak zioen itzulia jokatu ahal izateko beste 150.000 euro behar zituela. Bada, beharrezkoa zuten dirua lortu dute.