Matxitxakoko guda gogoratzeko zigilu markatzea egin dute Ontzi Museoan
1937ko martxoaren 5ean Euzkadiko Gudontzidia Canarias gurutze-ontzi frankistaren aurka borrokatu zen. 75 urteurrenean bertan borrokatu zirenak gogoratzeko, Matxitxako elkarteak zigilu markatze berezia egin du gaur goizean Ontzi Museoan. Kaira bertaratzen direnek Nabarra bouaren irudia duen postala, Araba, Bizkaia, Nabarra eta Gipuzkoa bouen marrazkidun zigiluak, gudaren berri ematen duen oroigarria, eta gutun-azalak erosteko aukera izan dute. Hala egin dutenek, oparitan, Mikel Begoñak eta Ricardo Sedrak egindako borrokaren inguruan egindako Berunezko itsasoa komikia jaso dute.
Euzkadiko Gudontzidiaren Laguntzako Ontzitaldea Eusko Jaurlaritzak sortu zuen 1936an, Errepublikar Armadari itsas joan-etorria eta arrantza lanak babesten laguntzeko eta euskal portuen sarrera-irteerak urpeko minetatik libre egiteko.