Portuko sirenak eta kanpai hotsak, Euzkadiko Gudontzidiaren oroimenez
Donostiako, Getariako, Pasaiako, Mutrikuko, Bermeoko, Lemoizko, Plentziako, Ibarrengeluko eta Armintzako portuetako sirena eta kanpai hotsak batera entzungo dira gaur 17:00etan. Omenaldia egingo diete gaurko egunez, duela 75 urte, Matxitxakoko borrokan hildakoei.
Matxitxakoko borrokaren 75. urteurrena gogoratzeko eta Euzkadiko Gudontzidian parte hartu
zutenak omentzeko asmoz, hainbat portutako sirena hotsak eta kanpai hotsak entzungo dira gaur 17:00etan; duela 75 urte borroka gertatzen zen unean, hain zuzen. Adierazpen bat irakurriko da Euzkadiko Gudontzidiaren oroimenez, eta lore-eskaintza egingo dute. Donostiako portuan, ekitaldia Ontzi Museoaren ondoan izango da.
Euzkadiko Gudontzidia arrantza ontziek osatzen zuten; gerra urteetan kainoiekin hornitutako ontziak ziren. Frankisten ontzia, ordea, Espainiako Armadaren onena zen. Galdames ontziaren bila joan ziren frankistak, eta Euzkadiko Gudontzidiak eskolta lanak egin zituen. Nabarra, Bizkaia, Gipuzkoa eta Donostia bouak joan ziren Galdames babestera. Nabarra ontzia hondoratu egin zuten, 49 lagunetik 29 hil ziren.
Eusko Jaurlaritzak Euzkadiko Gudontzidi Laguntzailea sortu zuela 75 urte bete ziren 2011ko
urrian. Errepublikaren Armadari itsas trafikoa eta arrantza-lanak babesten laguntzeko eratu
zen itsas armada hau. Bere ekintzarik garrantsitzuena 1937ko martxoaren 5ean Matxitxako
lurmuturraren parean gertatu zen, Euzkadiko Gudontzidiko zenbait ontzik Canarias gurutzeontzi frankistaren aurka borrokatu zutenean, Baionatik Bilbora zetorren konboia babesteko. Eusko Jaurlaritzarentzako dirua eta hainbat bidaiari zeramatzan Galdames izeneko ontziak.
Antxon Ezeiza zinemagile donostiarrak Ikuska film dokumentailean jaso zituen borroka hartan parte hartu zutenen oroitzapenak.


