Viktoria Eugeniaren mendeurrena izango da dFeriaren ardatza
DFeriak datorren astean ekingo dio aurtengo ekitaldiari; martxoaren 12tik 15era. Donostiako hainbat eszenatokitan 20 emanaldi baino gehiago izango dira aukeran. Viktoria Eugeniaren mendeurrena bereziki gogoan izan nahi dute antolatzaileek lau egun horietan. Beraz, bertako emanaldi guztien aurretik, 10 minutuko jai txiki bat egingo dute. Zehazki, Oscar Terol aktore donostiarra antzokiaren larruan sartuko da eta berarekin batera, aktore, sortzaile, dantzari edo teknikari batek antzokiarekin lotutako esperientzia, pasarte edo oroitzapen baten berri emango du. Besteak beste, Edu Muruamendiaraz dantzaria edota Ainhoa Aierbe aktorea, biak ere donostiarrak, izango dira oholtza gainean.