Berdintasunaren alde emandako urratsak erakusteko astea izango da
Manifestazioa abiatuko da etzi, 19:30ean, Bulebarretik, Eraldaketa feminista izango da, ezinbestean lelopean
Emakumeen Nazioarteko Eguna da etzi eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzeko eguna izateaz gain, diskriminazio ororekin bukatzeko urte osoan ematen diren pausoen erakusleiho bilakatuko da osteguna, baita asteko gainontzeko egunak ere.
Aurrerantzean berdintasunaren alde lanean jarraituko dutela aldarrikatzeko, manifestazioa abiatuko da, urtero bezala, 19:30ean, Bulebarretik. Aurten aukeratu duten leloa Eraldaketa feminista izango da, ezinbestean da eta udaleko Berdintasun bulegoko ordezkariek ez ezik, emakume taldeetako kideek ere parte hartuko dute bertan, besteak beste.
Hain justu, Berdintasun bulegoko kideen eta emakume taldeen ekarpenekin egitarau zabala osatu dute aste honetarako. Jarduera horien bitartez, aldarrikapena eta ospakizuna uztartu nahi dutela azaldu du Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak. «Benetako berdintasuna oraindik lekutan» dagoela adierazi du. Horregatik, gizartean, administrazioan nahiz eragile sozialen artean «feminismoa proposatzen duen aldaketa soziala beharrezkoa» dela nabarmendu du. Egitarauaren funtsa laburbiltzen duen leloa Feminismoa izerdituz, berdintasuna helmuga izatea erabaki dute.
Sampedrok, hala nola, Berdintasun bulegoak sustatu dituen ekimenak laburbildu ditu: manifestazioaren aurretik topaketa eta askaria egingo dute, 17:30ean, Emakumeen Etxean. Martxoaren 12an, bideo foruma gidatuko du Tere Maldonadok, 19:00ean, Emakumeen Etxean.
