1936 eta 1939 urteen artean 44 itsasgizon donostiarrek parte hartu zuten Euzkadiko Gudontzidian.

Matxitxakoko gudan parte hartu zuten borrokalariak omendu zituzten Kaian. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Txalapartariek jotako kanpai hotsekin oroitu zituzten atzo Matxitxakoko guduan borrokatu ziren donostiarrak. Ontzi Museoaren ondoan,
Juan Pardo historialariak borrokaldiaren xehetasunak gogora ekarri, eta eskerrak eman zizkien Euzkadiko Gudontzidia osatu zuten 917 gizonei eta hiru emakumeei. Horien artean, 44 donostiarrak ziren, eta haien omentzeko lore eskaintza egin zuten. Kaikoa zen Jose Luis Camio Arrutiren alabek, Anak eta Edurnek, jaso zituzten loreak. Hauen aita, 22 urte besterik ez zituela,
Gipuzkoa bouean jardun zen.
Bertan borrokatu zirenek eta hauen senideek 2000. urtean sortutako Matxitxako Elkarteak prestatutako omenaldia, arratsaldeko 17:00etan hasi zen. 75 urte lehenago, gudua gauzatzen ari zen unean. Orduan, Matxitxako lurmuturraren aurrean,
Canarias gurutze-ontzi frankistak Baionatik Bilbora zihoan konboia atzeman zuen.
Galdames merkatal-ontzia
Gipuzkoa, Bizkaya, Nabarra eta
Donostia bouen babesean zihoan. Borrokaldian, frankistek 40 lagun hil, beste 20 atxilotu, eta
Galdames itsasontzia menpean hartu zuten.
Goizean, aldiz, elkarteko kideek, gutunen zigilu-markatze berezia egin zuten leku berean. Kaiko museora joan zirenek
Nabarra bouaren irudidun postala,
Araba, Bizkaya, Nabarra eta
Gipuzkoa bouen marrazkidun zigiluak, gudaren berri ematen zuen oroigarria, eta gutun-azalak erosteko aukera izan zuten. Hala egin zutenek, oparitan, Mikel Begoñak eta Ricardo Sedrak egindako borrokaren inguruan egindako
Berunezko itsasoa komikia jaso zuten. Bazkideen artean banatu ondoren, gelditu ziren zigiluak salgai jarri zituzten, eta ordubete baino lehen euskarazko bakar bat ere ez zen.
Marinel gudariak
Euzkadiko Gudontzidiaren Laguntzako Ontzitaldea Eusko Jaurlaritzak sortu zuen 1936an, Armada Errepublikarraren itsas joan-etorria eta arrantza lanak babesteko, eta euskal portuen sarrera-irteerak urpeko minetatik libre egiteko. Bilbon babesturik eta zereginik gabe zeuden 50 bat arrantza-ontzi, gehienak Pasaiakoak, armatu egin zituzten edo urpeko minak harrapatzeko tresnez hornitu. Berun-arrez margotu, eta brankan ikurriña zutela eta txopan bandera errepublikarra ibili ziren.
Eskifaiak marinel boluntarioek osatzen zituzten, arrantzan edo merkataritzan ibilitakoek, baina inolako eskarmentu militarrik gabekoak. Donostiarren artean, adibidez,
Gipuzkoa bouaren kapitaina izan zen Manuel Galdos.
Mistral bakailao ontziaren ofiziala zen militarizatu zutenean. Antxon Ezeiza zinemagileak
Ikuska film dokumentalen sailean jaso zituen borrokan parte hartu zutenen oroitzapenak. Horien artean,
Nabarra bouko Antxon Santiago itsasgizon donostiarrarenak ageri dira.
Juan Pardo San Gil-Historialaria
«Herritar arruntek euren bizitza eman zuten beraien ideien alde eginez»

Juan Pardo historialaria (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Nafarra izan arren, Juan Pardo San Gil (Iruñea, 1956) historialariariak ia hiru hamarkada daramatza hirian bizitzen. Matxitxako Elkarteko kidea da, eta urteak daramatza guda ikertzen. Horren harira hainbat liburu argitaratu ditu, azkena,
Euskadiko Gudontzidia iruditan, joan den ostiralean aurkeztu zuen Ontzi Museoan.
Zergatik da garrantzitsua Matxitxakoko gudua?
Arrazoi ugari daude. Ziurrenik EAErentzat, XX. mendeko itsas ekintza garrantzitsuena da. Ikuspegi politikotik, Eusko Jaurlaritzak sortutako ostea zen, bakarra, eta bere menpe zegoen. Gertakari piko bilakatzen duena, hala ere, giza ikuspegia da. Egoera kritiko batean, herritar arruntek, euren bizitza eman zuten beraien ideien alde eginez, askatasunaren, demokraziaren eta gure identitatearen alde borrokatuz.
Ausardia handia erakutsi zuten.
Aldekoen aitortza izateaz gain, hauen ausardiak etsaiek ere ezagutu zieten. Hondoratu zituen
Canarias ontziaren kapitainak eta beste kide batzuek, itsasoan salbatu zituzten; eta (Francisco) Francok hiltzera zigortzean, hauen alde egin zuten. Ohiz kanpoko jokaera da gerra garaian. Erakutsitako adorea aitortzearen ondorioa. Horrek
Canarias-eko ofizialak duindu eta gertakaria berezi egiten du.
Frankistek Donostia azkar hartu bazuten ere, Gudontzidian donostiarrak baziren, ezta?
Bai, esaterako
Gipuzkoa bouren kapitaina, Manuel Galdos donostiarra zen. Eskifaietan gehiago zeuden, hildakoen nahiz bizirik atera zirenen artean. Zauritua izan zen
Nabarra bouko bigarren ofizial Jose Javier Olabeaga ere hemengoa zen. Hildakoen artean, adibidez, Miguel Sagarzazu. Kontuan hartu behar da bakailao ontziek Pasaiako portua utzi, eta Bilbon babesa hartu zutela, eta haiekin, bertako itsasgizonek.
Donostia bouak loturarik ba al zuen hiriarekin?
Boua, berez, ontzi frankista zen. Bilbo aurrean zela, eskifaia matxinatu egin zen eta hirian sartu ziren. Euzkadiko Gudontzidiak ontzia hartu, egokitu, eta bou bilakatu zuen. Donostia izena jarri zioten. Lehen izenak herrialdeenak izan ziren, garaiko grafiarekin; eta bigarren txandan hiriburuenak jarri zituzten.
Iruñea eta
Gasteiz izan ziren, baina ez zen
Bilbo izena zuen bourik egon.