Cass McCombs musikaria izango da laugarren Homeless musika jaialdian
Uliako askaldegian izango da kontzertua, martxoaren 31n
Homeless musika jaialdiak hurrengo kontzertua iragarri berri du. Cass McCombs musikariak joko du martxoaren 31n. Folk eta country musika egiten du AEBetako konpositoreak. Uliako askaldegian egingo du zuzenekoa.
Joan den urtarrileko Homeless jaialdian bezala, Petritegi sagardotegian egindakoa, oraingoan ere kontzertua eta afaria egingo dute. Autobusak ere prestatu dituzte Uliara igotzeko eta festa bukatzean handik jaisteko.
Ulian kontzertua bukatu ondoren, autobusak Bukowskira eramango ditu musika zaleak. Bertan, Flow arropa dendak hamargarren urtemuga ospatuko du, eta Homeless musika jaialdiak haien festarekin bat egin nahi izan du, haien bitartez ezagutu baitzuten McCombs artistaren musika. Autobusa 20:30ean irtengo da Artzai Onaren plazatik. Afaria 21:00ak aldera hasiko da, eta kontzertua, 22:30ean. Eta gauerdia pasata, festa Ulian bukatu eta Bukowskin hasiko da.
Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai 12:00etatik aurrera. Jaialdiaren webgunean eta Flow dendan ere eskuratu ahal izango dira. Afaria, kontzertua eta autobus zerbitzua izango du sarrerak, eta 35 eurotan salduko dituzte.