Txirrindulari Itzulia eta Klasikoa egingo dituzte
Antolatzaileek beharrezko dirua bildu dutela diote, Sabadell Guipuzcoanoren babesari esker
Beharrezkoa zuten dirua lortu eta gero, Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia eta Donostia Klasikoa egingo dituzte. Antolatzaileek atzo arratsaldean hala aurreratu baitzuten. Eusko Jaurlaritzak 2012rako diru laguntza jaitsi zuen, 360.000 eurotik 200.000ra. Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak itzulia jokatu ahal izateko beste 150.000 euroak jartzeko eskatu zioten aurreko astean Eusko Jaurlaritzari. Diru kopuru horrekin ziurtatuko baitzen bai itzulia eta bai Donostiako Klasikoa ere antolatzea.
Azken berrien arabera, arlo ekonomikoaz zehaztasun gutxi dago. Bai antolatzaileek aurreratu dutenez, erakunde publikoek dirua jarri dute (Bizkaiko eta Arabako aldundiek dokumentazioa eskatu dietela esan dute). Bestetik, babesle berri handien artean Banco Sabadell dago; 2010ean Banco Guipuzcoano erosi zuen bankua. Hala, Sabadell Guipuzcoanoren kontura joango da sari nagusia. Gainera, Donosti Berri Txirrindularitza Elkarteak bultzatutako Kontuz! Euro 1 Interneteko kanpainan, 10.619 euro lortu dituzte antolatzaileek, proben etorkizun hurbila ziurtatzeko.
Aurten ere Euskal Herriko errepideetan izango dira txirrindulariak: Euskal Herriko Itzuliaren kasuan, apirilaren 2 eta 7a bitartean; eta Donostiako Klasikoari dagokionez, abuztuaren 14ean. Euskal Herriko 52. Itzulia izango da aurtengoa eta honako etapak izango ditu: Gueñes-Gueñes, apirilak 2; Gueñes-Gasteiz, apirilak 3; Gasteiz-Ibardin, apirilak 4; Bera-Arrate, apirilak 5; Eibar-Oñati, apirilak 6; eta Oñati-Oñati, apirilak 7, erlojupekoa.
Aurreko astean udalak eta aldundiak elkarrekin egindako aurkezpenean, beharrezkotzat jo zuten probak egitea. Batetik, jarraitzaileek ez luketelako bertan behera geratzea onartuko, eta bestetik, proba oso esanguratsuak izanik, herrialdean dirua uzten dutelako eta turistikoki ere bultzada ematen dutelako inolako zalantzarik gabe. Hala adierazi zuten aldundiko Ikerne Badiolak eta eta udaleko Josu Ruizek.


