Urumea ibaiko arroan egin beharreko lanak lehenetsi dituzte erakundeek
Uholdeen aurkako neurriak adosteko erakunde arteko lehen bilera egin dute Donostian. Hainbat erakundetako kide eta bizilagunak elkartu dira hartu beharreko neurriak finkatzeko
Lau hilabete bete ziren atzo, uholdeen ondorioz, Urumea ibaiak Txomin Enea, Martutene eta inguruko bazterrak txikitu zituela. Handia izan zen hondamendia eta bizilagun nahiz erakundeek lehenbailehen neurriak hartzeko premia aldarrikatu zuten. Atzo, udaletxean bildutako erakundeetako ordezkariek eta bizilagunek epe laburrean egin beharreko lanen zerrenda egin zuten. Orain erakundeen txanda izango da; lanen programazioa prestatu beharko baitute, elkarlanean. Hurrengo bilera maiatzean izango da. Obren egutegia finkatu eta finantziazioaren inguruan adostu beharreko akordioak jorratuko dituzte.
Atzokoan, baina, ondokoak dira lehentasunezko jo zituzten obrak: Loiolan, EuskoTreneko trenbideak igarotzen diren zubia berri batengatik ordezkatzea. Loiola eta Herrera artean trenbidea bikoitzen ari direnez, abian da zubia ordezkatzeko proiektua. Txomin Eneako urbanizazio lanei ekitea; lehenengo fasearekin 2013an hastea da asmoa. Martutenen ibaiari leku handiagoa uzteko lanak 2014an has daitezkeela jakinarazi dute. Aurretik ingurumen azterketak eta hartu beharko diren lurrak finkatu beharko direla zehaztu dute. Hernanin, era berean, hainbat lan egiteko asmoa dute Karabel auzoan.
Lan horiek duten premiarekin bat egin dute udaletxeko bileran parte hartu zuten Eusko Jaurlaritzako eta Ura euskal agentziako ordezkariek, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek, Donostia, Astigarraga eta Hernaniko udaletako ordezkariek, Añarbeko Urak mankomunitateko ordezkariek eta Espainiako Gobernuko Kosta Zuzendaritzako kideek. Erakundeetako arduradunek bakarrik ez, bizilagun talde batek ere parte hartu zuen bileran.
Bizilagunak
Martuteneko Kristina Urkijo izan zen teknikari eta politikarien artean bileran izan zen Urumearen aldeko bizilagunak plataformako kideetako bat. Erakundeek zein urrats eman nahi dituzten jakin nahi dutela eta elkarlanean aritzeko prest daudela aditzera eman zuen Urkijok bilera hasi aurretik.
Urumeako ibarrak «denen artean eta denen laguntzaz» egin behar duela aurrera zehaztu zuen. Hala, Loiola, Txomin Enea, Astigarra eta Hernaniko bizilagun eta elkarteek etorkizunari begira konponbideak bilatzeko bat egin duten bezala, erakundeek ere jarrera bera izatea espero zuen.
Bien bitartean, Urumearen aldeko bizilagunak plataformako kideek lanean dihardute eta agiri bat aurkezteko asmoa dutela aurreratu zuen Urkijok. «Agiri horrekin ahalik eta herritar gehien bat egitea da helburua, plataformak eta herritarrek duguna baino garrantzi handiagoa izan dezagun», adierazi du.


