Clara Gangutia: "Paisaiak dira gehienak, baina arkitektura ere badago"
Clara Gangutia, Margolaria
2010etik orain arte egindako olioak batu ditu Clara Gangutia donostiarrak, Ekain arte galerian zabaldu berri duen erakusketan.
Donostiarra da izatez Clara Gangutia (Erdialdea, 1957), baina Madrilen bizi da bost urte zituenetik, bertan baitauka bere estudioa. Txikitatik margotzen duela dio, eta bereziki olioarekin paisaiak egitea du gogoko. Erakusketaren berri zehatzagoa eman dio IRUTXULOKO HITZAri.
Nondik datorkizu margotzeko afizioa?
Oso gaztea nintzela hasi nintzen margotzen eta erakusketak ere oso gaztetatik jarri izan ditut.
Zer jaso duzu Ekaineko erakusketan?
Guztiak irudipenak dira. Paisaiak dira gehienak, baina arkitektura ere badago. 2010etik hona egin ditudan lanak dira. Donostiako irudiak daude, Pasai Donibanekoak, Madrilekoak eta Bruselakoak, baita Errioxakoak ere. Erakusketak ez dauka gai zehatzik, azkenaldian margotu dudana da. Orokorrean nire erakusketek ez dute proiektu baturik izaten; margotu eta margotu egiten dut, eta haien arteko lotura nik margotu ditudala izaten da.
Koadroetan ageri diren toki horien aurrean zaudela margotzen duzu?
Ez. Nik neuk egindako argazkietatik abiatuta margotzen dut, betidanik esan izan dut hori. Gero, nire oroitzapenek ere eragin handia izaten dute. Ez du esan nahi argazkiak kopiatzen ditudanik; modelo bizi bat erabiltzearen oso antzekoa da. Amorru handia ematen didate argazkiak erabiltzen dituztela onartzen ez duten artistek.
Margotu dituzun toki horiek zerbait iradokitzen dizute?
Bai, noski. Gai bat aukeratzen duzunean, zure bizitzako momenturen batean hunkitu zaituelako edo ezagutzen dituzun pertsonekin zerikusia dutelako izaten da. Margoetako batean, esaterako, Bruselan bizi den nire semearen etxeko leihotik ikusten dena egin dut; Andresek goizero ikusten duena da, ez da edozein etxarte. Irlaren irudiak, berriz, guztiz turistikoa dirudien arren, nire txikitako oroitzapenaren zati bat da.
Zer erabiltzen duzu margotzeko?
Olioa, hori baita hobekien ematen zaidana. Beste margo mota batzuk ere probatu izan ditut, baina olioaren jarioarekin eta lehortzeko behar duen denborarekin ongi moldatzen naiz.
Lehenago ere erakutsi dituzu zure lanak Ekainen.
Bai. Duela hiru urte, bakarkako erakusketa bat zabaldu nuen, eta geroago erakusketa kolektibo batekin ere izan nintzen.
Formatuei dagokienean…
Formatuak batzuetan nahiko anarkikoak dira, baina gaiarekin lotuak doaz. Formatuak aldatzea oso gogoko dut.
Ongi saltzen dituzu margolanak?
Garai hobeak eta okerragoak ezagutu ditut. Zorte handia izan dut, gogoko dudanaz bizitzeko zortea izan baitut, baina orain kontua oso zaila dago.
Beste lanen batean murgilduta zaude?
Ostegunean[bihar] ermita zahar bat irekiko dute berriro Beasainen, Belengo ermita. Berritu egin dute, oso egoera txarrean zegoelako, eta bertan, nire koadro handi bat jarriko dute. Aurretik zegoen koadroa desagertu egin baitzen. Aranzadiko Juantxok egin zien proposamena leku huts hori nire koadro batekin betetzeko, eta gustura onartu zuten. Askatasun osoa eman zidaten, baina nire bidez ikusitako Ama Birjin bat margotu dut, haur bati titia ematen, Beasaingo inguruetan. Oso gustura egin dut. Beste koadro bat ere hasia daukat, baina, erakusketen ostean, atseden txiki bat hartzea egokia izaten da.
Erakusketa
- Zer. Clara Gangutia donostiarraren margolanak.
- Non. Parte Zaharreko Ekain arte galerian; Iñigo kalea, 4.
- Noiz. Apirilaren 28ra arte. Asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era, eta 17:30etik 21:00etara.
- Margolanak. Olioan egindako paisaiak dira. Guztiak salgai daude, eta 1.000 eta 15.000 euro arteko prezioa dute.



