Yuri Temirkanov errusiarrak gidatuko du San Petersburgoko Orkestra.
73. Musika Hamabostaldia abuztuaren 3tik irailaren 2ra izango da. Bertan, bi musikagile handi omenduko dituzte: Claude Debussy frantsesa (1862-1918) eta Francisco Escudero zarauztarra (1912-2002). Sarrerak maiatzaren 25ean izango dira salgai.
Claude Debussyren jaiotzaren 150. urteurrenaren harira, konpositore frantsesaren obra ekarriko du Musika Hamabostaldiak. Debussyren garai berekoak izanik, beren jarduera Parisen eta kultura-bizitasun handiko garai batean (XIX. mendearen bukaera – XX.aren hasiera), bideratu zuten beste musikagile batzuen musikaz gozatzeko aukera ere eskainiko du programazioak: Maurice Ravel, Paul Dukas, Eric Satie edo Gabriel Faure-rena, garai hartako Parisko gizarteko zirkulu artistikoek erakarririk egin baitzuten haiek denek beren sorkuntza-lana.
Kursaal Auditorioa bisitatuko duten orkestra sinfonikoek, Viktoria Eugenia Antzokiko Club Aretoko emanaldiek eta Musika Aitzaki nahiz Interprete Gazteen zikloek islatuko dute Debussyren musika-ondarea, eta Parisen XIX. eta XX. mende artean loratu zen kultura-jarduera bizia.
Debussyren titulu ezagunenetako batek,
Fauno baten biaoaren preludioa-k, osatuko du, Ravel eta Dvorak-en obrekin batera, Parisko Orkestrak Hamabostaldira egiten duen bigarren bisitaldi honetan eskainiko dituen bi kontzertuetako lehena. 2007an frantses taldea Christoph Eschenbach maisuaren zuzendaritzapean jardun zen, eta oraingo honetan, berriz, Christoph von Dohnanyik zuzenduko du. Dohnanyi aleman maisuak oso musika-ibilbide zabala du, arrakasta handiz betea. Hurrengo egunean (abuztuak 24) , Berlioz, Schumann eta Beethovenen obrak interpretatuko ditu orkestrak. Bi emanaldi horietan Jean-Frederic Neuburger pianista frantses gazteak ere parte hartuko du.
Christoph von Dohnanyi-rekin batera, Yuri Temirkanov errusiarra izango da 73. Musika Hamabostaldi honetako beste batuta aipagarri bat. Temirkanovek 1998az gero zuzentzen duen San Petersburgoko Orkestra Filarmoniko ospetsua gidatuz bisitatuko du jaialdia, Prokofiev, Rimski-Korsakov, Bruch eta Txaikovskiren obrez osaturiko programa bikoitz batekin (abuztuak 27 eta 28). Temirkanov eta bere orkestra bigarren aldiz datoz Musika Hamabostaldira, 1993an egon baitziren Donostian.
Francisco Escudero maisua, mende arteko Paris hartako kultura-bizitasun handiaren oinordekoa dela esan daiteke. Bere jaiotzaren mendeurrenean gogoratuko dute Hamabostaldian,
Illeta oratorioa interpretatuz (abuztuak 17, Kursaal). Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Andra Mari Abesbatzaren eskutik etorriko da Kursaalerako programatu den emanaldia, Pascal Rophe maisuaren batutapean.
Bambergeko Orkestra Sinfonikoa izango da aurten Kursaal Auditorioan jardungo duen azken orkestra handia. Jonathan Nott izango da oraingo honetan zuzendaria, zeinak Gustav Mahler Jugendorchester zuzenduz, 2009an, debuta egin baitzuen Hamabostaldian. Hiru kontzertuk osatuko dute aleman talde honen eskaintza zabala, eta, modu horretan, edizio honetako “orkestra egoiliar” bihurtuko da. Programaturiko hiru kontzertu handi horietako lehenean, beste titulu batzuen artean, eta Christian Zacharias pianista handiarekin batera, Brahmsen
2. Piano-kontzertua eskainiko digu (abuztuak 30). Bigarren egunean (irailak 1) Mahlerren
6. Sinfonia entzun ahal izango dugu, eta klausurakoan, berriz (irailak 2), Donostiako Orfeoiak lagundurik interpretatuko duen Stravinskiren
Salmoen Sinfonia-z gainera, Debussyren bi obra eskainiko ditu:
Jeux, eta frantses musikagilearen obra nagusietako bat,
La mer.
Antzeztutako opera ere izango da aurtengo programan. 73. ekitaldiak operako titulu ezagun eta unibertsalenetako bat eskainiko du: W.A. Mozarten
Xirula miragarria (abuztuak 11 eta 13). Titulu adierazgarri honetan Euskadiko Orkestra eta Jaime Martin maisua egongo dira fosoan.