Kutxa Kultur Festibala Igeldoko jolas parkean egingo dute, irailaren 7an eta 8an
Kutxako ekintza sozialeko arduradunek jakinarazi dutenez, aurtengo Kutxa Kultur Festibala Igeldoko jolas parkean egingo dute. Zehazki, irailaren 7an eta 8an izango da tokiko 10 talde eta nazioarteko beste 8 talde inguru jasoko dituen musika jaialdia. Arduradunek zehaztu dutenez, martxoa bukaeran jakinaraziko dute zehazki atzerriko zein talderen kontzertuak izango diren.
Kutxa Kultur 2012ari dagokionean, aurten ere Gipuzkoako artista gazteen lana bultzatzeko plataforma abian da, hirugarren urtez jarraian. Zehazki, lau arlotan diharduten gazteei laguntzea da asmoa, moda, musika, ikus-entzunezkoak eta komikia. Iaz, 600 gazte inguruk eman zuten programan parte hartzeko izena, eta aurten ere, arrakasta izatea espero dute antolatzaileek. Dagoeneko izen ematea zabalik dago www.kutxakultur.com webgunean, eta gazte sortzaile guztiei bertan parte hartzeko deialdia zabaldu diete.
Azken batean, Kutxa Kultur Festibala izango da ekimenaren gailurra, eta nolabait, arlo guztietako partaide onenek Igeldoko bi eguneko elkargunean parte hartzea nahi dute, euren sorkuntzen berri emateko.