LABek, ezker abertzaleak eta Gazte Independentistek hiriko eragileak deitu dituzte erreformari erantzun bateratua ematera
Hilaren 16an bilera egingo dute Okendo kultur etxean, martxoaren 29rako greba komite zabal eta sindikalak antolatzeko.
Donostiako LABek, ezker abertzaleak eta Gazte Independentistek agerraldia egin dute goizean, sindikatuaren Groseko egoitzan. Bertan, Espainiako gobernuak dekretu bidez onartutako lan erreformaren inguruko azterketa egin, eta greba deialdiari buruzko informazioa eman dute. Hauen ustez, erreforma “orain arteko bortitzena da” eta “patronalaren eskakizunei erantzuten dio”. Egoera honen aurrean, alternatiba bakarra burujabetza dela adierazi dute, eta horretarako, “guztion indarrak batu eta urrats sakonak ematera” deitu dituzte hiritarrak.
Ildo horri jarraituz, hurrengo asteetan hainbat ekimen burutuko dituzte Donostian. Besteak beste, hilaren 16an bilera egingo dute Okendo kultur etxean. Bertan, hiriko eragile sozialak, sindikalak eta politikoak elkartzen saiatuko dira, greba komite zabal eta irekiak osatzeko.