Heavy Jaia egingo dute larunbatean, hamargarren urtez
Donostia Kulturak eta New Thunder elkarteak antolatutako Heavy Jaiak hamargarren urteurrena beteko du. Baron Rojo heavy rock taldea izango da gaueko protagonista nagusia; eta zuzeneko emanaldia eskainiko du, Hira eta Hardwave taldeekin batera. Casares-Tomasene kultur etxean izango da jaialdia, larunbatean, 19:00etan.
Sarrerak 12 eurotan daude salgai, eta egunean bertan 15 euroko prezioa izango dute.
DJ Mororen parte hartzea izango dute jaialdian, eta urtero bezala, kamisetak, diskoak, aldizkariak eta posterrak oparitzeaz gain, gitarra elektriko bat zozkatuko dute. Antolatzaileen esanetan, ordea, festa giroa gailenduko duen unea, playback lehiaketa izango da. Hala, nahi duten guztiek eszenatokira igo, musika tresnak hartu, eta euren izarren abestiekin gozatzeko aukera izango dute. Kontzertuko taldeetako kideek epaimahaia osatuko dute, eta keinuetatik hasi eta mozorroetaraino, guztia hartuko dute kontuan.