Gazteen neguko lehen surf txapelketa antolatu dute Kontxako badian
Biharko ekitaldiak Irutxuloko Hitzaren laguntza du, egonkortu eta oihartzunik handiena izateko
Uda eta Zurriola surfaren sinonimo dira hirian. Neguak ere itsasoak olatuez gozatzeko aukera eskaintzen duela eta Zurriolan ez ezik Kontxan eta Ondarretan ere olatuekin dantzan ibil daitekeela erakutsiko dute bihar. Gipuzkoako Surf Federazioak eta Donostiako Sustapenak Hawai txikian bilakatuko dituzte badiako bazterrak. Surflari gaztetxoentzako Neguko Surf Junior Txapelketa antolatu dute. Lehenengoa eta aitzindaria izango da hirian.
Irutxuloko Hitzak ere surf taula hartu du, txapelketak ahalik eta oihartzun handiena izan eta ondorengo urteetan egonkortu dadin. Surflari hasiberrientzat ezinbesteko hitzorduan bilakatzea nahi dute.
Gipuzkoako Surf Federazioak egiten duen teknifikazio programako gazteek parte hartuko dute 15:30ean hasiko den txapelketan. Lapurdiko hainbat surflari gonbidatu dituzte, halaber. Hogei urtez azpiko gazte ugari bilduko dira, beraz, surf txapelketa handietarako prestatzen lagunduko dien saioan.
Arratsaldeko bostak inguruan izango da itsasgora. Olatuek une horretan badian hartuko duten indarra baliatuko dute txapelketaren azken txanpa baldintzarik onenetan lehiatzeko. Gutxi gorabehera hiru orduko iraupena izango du txapelketak eta badiako bi txokotan banatuko da: Ondarretan, Tenis bazterreko paretan eta Kontxan, Alderdi Ederreko paretaren alboan.
Eguraldi iragarpenek diotenez, 1,5 metro olatuak espero dituzte bihar. Gazteek, dena den, aparrik txikienaren gainean ere onena eman beharko dute buruan egoteko lehia handia izango baita. Final laurdenekin ekingo diote eta hiru ordutan irabazlearen izena ezagutzea espero dute. Aurreikuspen horiek betetzeko, baina, itsasoak izango du azken hitza.
Etorkizunean Igor Muniain edota Aritz Aranburu bezalako surflari bihurtu nahi dutenentzat bakarrik ez, txapelketa hirian hazten ari den sektoke ekonomiko bati bultzada emateko baliagarri izan daitekeela uste dute Donostia Sustapeneko arduradunek. Surfa hiriko eragile ekonomiko nagusietako bat dela diote, «bai esparru horretan diharduten enpresentzat duen garrantziagatik bai eskaintzen dituen aukera turistikoengatik».
Kirol horrek udan sortzen dituen aukerak anitzak direla begibistakoa da Zurriola hondartzako edozein bazterretan. Surfak, baina, neguan ere emaitza oparoak eskain ditzakeela zalantzarik ez dute sustapen elkartekoek.


