"Gehiago ikastea, hitzak, hiztegia..."

Urrats euskaltegian hasi du Irutxuloko Hitza-k euskara ikasleei zuzendutako harpidetza kanpaina. (Argazkia: Mikel Goñi).
Goizeko 09:30ean klasean topatu ditu Irutxuloko Hitzako kazetariak Cristina Zarrabeitia, Pilar Garcia eta Maribi Morente. Urrats euskaltegiko 6. urratseko ikasleak dira, eta hirurek beste zerbait dute komunean: egunkari honen harpidedun berriak dira.
Hitza-ko langileak egunkariaren ezaugarriak azaltzera joan zitzaizkien; izan ere, euskaltegietako ikasleen artean harpidetza kanpaina egiten ari baita argitalpen hau. Parte hartzen ari diren ikastegietako euskara ikasleei %35ko deskontua egingo die Irutxuloko Hitza-k, eta ikasten jarraitzen duten bitartean beherapen bera egingo die.
Harpidedun hauek etxean jasoko dute egunkaria egunero, eta horixe bera da Zarrabeitia konbentzitu duena. «Klasearekin ez da nahikoa, garrantzitsua da kanpoan ere zerbait egitea… eta prezioa oso ona da».
Garciak bat egiten du Zarrabeitiaren arrazoiekin, baina beste bat gehitu du: «Niretzat beharrezkoa da irakurtzea, eta gero hitz egitea. Hitza erraza da». Morentek, ordea, arazotxoak ditu testu luzeekin:«Baina, izenburuak eta berri laburrak ondo ulertzen ditut».

Pilar Garcia, Maribi Morente eta Cristina Zarrabeitia seigarren mailako ikasleek IRUTXULOKO HITZA-ren harpidetza egin dute. (Argazkia: Mikel Goñi
Garcia duela hiru urte iritsi zen hirira eta, Donostiari buruzko berriak ditu gogokoen, bertako «gauzak ikasteko» balio dutelako. Morentek ere iritzi bera du, eta are gehiago dio, «beste egunkarietan Donostia gutxi azaltzen da».
Ikasle honek berak «Gipuzkoako zaborren arazoa konponduta dago» irakurri nahiko luke egunen batean Irutxuloko Hitza-n, eta Garciak Bruce Springsteen-ek doan joko duela. Zarrabeitiak ez dauka argi zer leitu nahiko lukeen; bai, ordea, zer espero duen harpidetza honetatik: «Gehiago ikastea, hitzak, hiztegia…».
Antzeko nahiak agertu dituzte bere ikaskideek. Denboraren eta Hitza-ren laguntzaz, «euskaraz irakurtzea eta esfortzurik gabe ikastea» iritsiko dela uste du Garciak. Morentek aurrekoa zehaztu du, berak espero duena hauxe baita: «Euskaraz asko irakurtzea; etxean dago egunkaria eta erraza izango da».
Ikasle, eta ikasle ez direnak Urrats euskaltegiko ikasle horien moduan, hiriko beste hainbat euskaltegietako ikasleek parte hartu ahal izango dute kanpaina honetan.
Hala ere, argitalpen hau etxean jaso nahi duten beste donostiarrak ere bilaka daitezke Hitza-ren harpidedun 902-82 02 01 telefonora deituta. 77 euroren truke, eguneko jasoko dute egunkaria etxean. Ikasle izan edo ez, egin zaitez harpidedun!