Olatz de Andres: "Aurretik ere interesa izan nuen zinea oinarri hartuta ikuskizun bat sortzeko"
Olatz de Andres, Dantzaria eta koreografoa
Datorren astean, martxoaren 12tik 15era bitartean, dFeria jaialdia iritsiko da hirira; bertan, lehen aldiz, ‘Privolva’ ikuskizuna eskainiko du Olatz de Andres Groseko dantzari eta koreografoak.
Privolva hitzak ilargiaren bestaldea esan nahi du, lurretik sekula ikusi ezin den aurpegi hori. Bestelako mundu paraleloak irudikatzea eta zientzia fikziozko filmak txikitatik gogoko izan dituela dio Olatz de Andresek (Gros, 1976). Asteartean Intxaurrondoko kultur etxean eskainiko duen Privolva ikuskizunean, irudikatutako espazioekin, eta bat izatera heltzen diren hiru gorputzekin jolastuko du Groseko dantzariak. Oinarria, Godarden Alphaville filma da.
Nondik datorkizu dantzarako zaletasuna?
Donostiako Fagoaga dantza akademian balleta egiten hasi nintzen. Gero, dantza adierazkorrean ibili nintzen, eta gero, denboraldi batez, dantza utzi eta musikan aritu nintzen. Aurrerago, berriro ere dantzari heldu nion, eta 16 urte nituenetik Euskal Herritik kanpo ibili naiz. Beraz, Eskozian, Bartzelonan, Granada eta leku gehiagotan jaso dut heziketa. Ibilbide horretan eskoletan ibili naiz, baina bereziki interesatzen zitzaizkidan irakasleak eta teknikak bilatzen saiatu naiz. Bartzelonan zortzi urte igaro ostean, duela bi urte Euskal Herrira itzuli nintzen, Bilbora.
Zer egiten duzu Bilbon?
Eskolak ematen ditut, eta bertan sortzen dut. Muelle Tres izeneko dantza eta sorkuntza espazioa kudeatzen dut, beste bi lagunekin batera.
Beharrezkoa da dantzari batentzat Euskal Herritik ateratzea heziketa hobea jasotzeko?
Oso aberasgarria dela uste dut. Hemen badago zer ikasi, eta gero eta gehiago gainera. Baina benetan egiten ari denaren irudi zabalago bat jasotzeko, eta ibilbide aberatsagoa duten irakasleekin harremanetan jartzeko, garrantzitsua da kanpora ateratzea.
Noiz hasi zinen zure sorkuntzak egiten?
Ba egia esan… duela bospasei urte hasi nintzen kontu serioagoak bakarka egiten. Hala, duela hiru bat urte interpretatzeari utzi eta sorkuntza lantzeari ekin nion.
Nola sortu zen Privolva ikusizuna?
Bakarka egin nuen nire aurreko lanetik sortu da Privolva. Lan hartako ikerketan azaldu zen zientzia fikzioaren gaia, eta bertan gehiago sakontzeko gogoarekin geratu nintzen. Txikitatik gogoko izan ditut mundu paralelo horiek. Aurretik ere interesa izan nuen zinea oinarri hartuta ikuskizun bat sortzeko. Oraingoan, kontzeptu hori guztiz betetzea lortu dut. Probasaioekin hasi aurreko ikerketa lanean, Alphaville filmarekin topo egin nuen, eta filmeko zati bat ikuskizunaren oinarri nagusia da. Hala ere, zientzia fikziozko beste film batzuetako ukituak ere badaude. Godarden filma oso film filosofikoa da eta errealitateko gauza asko zalantzan jartzen ditu; niretzako oso gaurkotasuneko gaiak direnak. Lanaren gidoi modukoa bihurtu da filma.
Dagoeneko lana estreinatu duzue, leku askotara eraman duzue?
Estreinatu baino lehen, Durangon egin genuen aurre emanaldia, San Agustin aretoan. Izan ere, han izan genuen hilabetez probasaioak egiteko aukera, eta asko lagundu ziguten. Gero, Bilbon eta Gasteizko Artiumen ere egon gara. Eta dFeriatik igaro ostean, Bilboko La Fundicionera joango gara.
Donostian aritzea berezia izango da zuretzako.
Ba bai… oso pozik nago, gainera dFerian lehen aldiz ariko naiz eta gogo askorekin nago.
Ikusleei gehiago kostatzen zaie dantza ikuskizun batera joatea, ezta?
Bai, asko, sentsibilizazio lan handia dago egiteko.
Animatu itzazu donostiarrak Privolva ikustera joateko.
Privolva irudikatutako espazio batean gertatzen da, eta zientzia fikziozko atmosfera batean oinarritua dago. Hiru gorputz aurkezten ditugu, eta aldi berean, gorputz bakarra dira. Etengabe gorputz bakar horretatik bidaiatzen ari dira, hiru gorputz izatera igaroaz. Bestetik, etorkizunean emozioekin lotutako hitzak, begiradak, laztanak edo harreman fisikoa gal daitezkeela erakusten dugu. Filmetik mugimenduak eta ekintzak hartu ditugu, eta eszenatokirako moldatu ditugu. Guztia espazio zuri batean gertatzen da, eta filmeko soinua erabiliko dugu.
Ikuskizuna: Dferia: ‘Privolva’
- Zer. Privolva dantza ikuskizuna.
- Noiz. Martxoak 13, asteartea, 11:30ean.
- Non. Intxaurrondo kultur etxean.
- Sorkuntza eta interpretazioa. Olatz de Andres, Pilar Andres eta Isaac Erdoiza.



