Donostia 2016 izendapen ofizialerako prestatzen ari da
2016ko Europako kultur hiriburu izateko hautagai izatetik hiriburu izateko unea iristeko gutxi falta da. Gertakari asko elkartuko dira izendapenaren egunaren inguruan. Maiatzaren 9an Europaren Eguna izango da. Maiatzaren 10ean edo 11n izendapen ofiziala iritsiko da. Maiatzaren 11, 12 eta 13an Olatu Talka jaialdiaren hirugarren ekitaldia egingo dute. Gainera, aurrerantzean proiektua kudeatuko duen Donostia 2016 Fundazioa egitura juridiko berria ordurako prest izango da.
Donostia 2016 bulegoan hautagaitzaren faseari amaiera eman eta berriari hasiera emateko egiturak eta asmoak prestatzen ari dira jada, eta gaur aurreratu dituzte batzuk. Partaidetza eskatu die herritarrei. Izan ere, hautagaitzaren lonak eta banderolak aldatu behar dira. Eraldaketa horretan sortzaile eta ekoizle izatera gonbidatu diete herritarrei Abiapuntuak izeneko kanpainaren bitartez.
“Horiek denak egingo ditugu sorkuntza metodologia oso erraz batekin. Partaidetzaren bitartez gure hiria bizi duten 100 pertsona gonbidatuko ditugu. Izan daitezela beraiek lona hauen sortzale, eta kultur hiriburu izatearen sentimendua adierazten dutenak”, adierazi du Ainara Martin 2016ren zuzendari artistikoak.
Bi modutara parte har daiteke. Batetik, San Telmo Museoko laborategian martxoaren 27, 28 , 29 eta 30ean egingo dituzten tailerretan parte hartuz. Horretarako orain eman behar da izena, eta aurkeztutako guztien artean 100 lagun hautatuko dituzte. Sare sozialen bidez ere parte har daiteke. Sare sozialetan, berriz, sloganak landuko dituzte. Abiapuntuak.eu webgunean daude ekimen honen inguruko xehetasun guztiak.