Nantesko Espainiako Zinemaren jaialdian leiho bat irekiko diote euskal zinemari
Nantesko Espainiako Zinemaren jaialdiak aurten ere leiho bat zabalduko dio euskal zinemari. Etxepare Institutua eta Euskadiko Filmategiaren laguntzari esker, hainbat euskal zinemagileren lanak proiektatuko dituzte Nantesen martxoaren 15ean hasi eta 25ean bukatzen den jaialdian.
Alex de la Iglesia zinemagileari omenaldia egingo diote. Bere film onenak biltzen dituen zikloa egingo dute. Gainera, zinema jaialdia La chispa de la vida filmaren emanaldiarekin hasiko da, zuzendari bilbotarrak aurkeztutako ekitaldi batean.
Bernardo Atxaga zineman zikloan, berriz, hainbat zinemagilek zinemarako egokitu dituzten Atxagaren eleberrien filmak izango dira ikusgai. Montxo Armendarizen Obaba, Imanol Rayoren Bi anai eta Aizpea Goenagaren Zeru horiek proiektatuko dituzte.
Montxo Armendarizen No tengas miedo, Telmo Esnalen Urte berri on, amona! eta Imanol Rayoren Bi anai filmak Borau-Opera Prima Saria lortzeko hautagaiak dira. Enara Goikoetxea eta Iurre Telleriaren El ultimo paso, berriz, dokumental onenaren saria lortzeko hautagaia da.
Asier Altunaren Bertsolari, Pedro Agileraren Naufragio, Euskadiko Filmategiak zaharberritu dituen euskarazko lehen filmak… Eta jakina, Kimuak katalogoko film laburrak. Jose Mari Goenagaren Lagun mina, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun, Aritz Morenoren Bucle, Haritz Zubillagaren She’s Lost Control eta Sergio Barrejonen La media pena lehiatuko dira film labur onenaren saria eskuratzeko.