Ane Anza: "Dantzari batek eszenatokietan mugitzen ikasi behar du"
Ane Anza; dantzaria
Donostiako Dantzaz konpainiak ‘Arte-An’ ikuskizuna eskainiko du, gaur, dFeria jaialdiaren azken egunean; Parte Zaharreko Ane Anza taldeko euskal herritar bakarra da.
Txomin Enean du egoitza Dantzaz konpainiak, Artelekun, hain zuzen ere. Dantzari gazteei maila profesionalera jauzia ematen laguntzen dien konpainia da, eta gaur egun bederatzi dantzari dabiltza bertan. Ikasketak bukatu eta 2011ko azaroan izan zuen Dantzazen hasteko aukera Ane Anzak (Parte Zaharra, 1990). Iaz Viktoria Eugenia antzokian estreinatutako Arte-An ikuskizunaren eta bere esperientziaren inguruko xehetasunak eman dizkio dantzari donostiarrak IRUTXULOKO HITZAri.
Orain arte zein dantza ikasketa jaso dituzu?
Txikitatik gogoko izan dut dantzaren mundua. Ikastolan gimnasia erritmikoa egin nuen, euskal dantzetan ere ibili nintzen, eta Mentxu Medelekin balleta egin nuen. Geroz eta gehiago nahi nuen eta kanpora joatea beste aukerarik ez zitzaidan geratu. Gasteizko kontserbatorioan dantza klasiko ikasketak egin nituen, hiruzpalau urtez. Iaz Donostiara itzuli nintzen, eta azaroan Dantzazen sartzeko aukera eman zidaten.
Lehenagotik ezagutzen zenuen Dantzaz konpainia?
Gazteei halako aukera bat ematen dien estatu mailako konpainia bakarra da, eta banuen euren berri. Aukera bat ikusi nuen eta gainera ni Donostiakoa izanda… aukera ikusi eta buruz joan nintzen.
Nola moldatu zara orain arte Dantzazen?
Konpainiara iristean dagoeneko bertan dauden dantzarien egunerokotasunera moldatu behar izan nuen. Hasiera gogorra izan zen, gainera, Arte-an iaz estreinatu zutenez, koreografia eta estilo aldetik lan handia egina zuten koreografoekin. Pixkat bat gehiago egin behar izan nuen, ahalik eta azkarren dantzak ikasi eta gainontzekoen parean jartzeko. Bideoak ikusten aritu nintzen eta laguntza eskatu nuen.
Arte-An estreinatu zutenetik zu izan zara konpainiako dantzari berri bakarra?
Iritsitako azkena ni izan naiz, baina ni baino bizpahiru aste lehenago beste bi iritsi ziren. Beraiek ere nire berdina pasa dute egia esan.
Ikuskizunarekin atzerrian ere ibili zarete. Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Dantzari batek eszenatokietan mugitzen ikasi behar du; estudioko lanaren oso desberdina da. Ikasteko modu bakarra, esperientzia hartzea da. Ni lehenago Donostian Aukeran dantza taldearekin ibili nintzen, eta horrek ere lagundu zidan esperientzia hartzeko. Hala ere, maila hobetzeko eta dantzan lan egiteko, Dantzaz konpainiaren aukera oso garrantzitsua da. Hainbat tokitan egon gara eta polita izan da, antzoki bakoitza desberdina baita. Badaude eszenatoki handiko antzokiak, baina baita txikiak ere, eta moldatzen jakiteak badu berea.
Zein nolako maila ematen ari zarete Arte-An ikuskizunarekin?
Ikusten dudanagatik, koreografoak iristen diren momentutik lan egiteko modua profesionala da. Ikuskizunak oso maila indartsua dauka, oso pieza fisikoak ditu eta batzuk sentimendu aldetik asko adierazten dute.
Hiru koreografiek osatzen dute Arte-An: azal itzazu era laburrean.
Lur sagar da ikuskizunaren lehen zatia; Mercedes Osak interpretatutako abesti bat du oinarri, eta naturarekin lotura estua du. Bigarren zatia A places between da, dantza sentikorra da eta lasaitasuna eskatzen digu. Azken zatia Flash de luxe da. Harremanen inguruan dihardu eta berdintasunaz hitz egiten du. Oso pieza gogorra da, oso fisikoa.
Nola ikusten duzu zure etorkizuna dantzaren munduan?
Badakit atzerrira joan beharko naizela, baina momentuz Dantzazen geratuko naiz; ikasteko asko dudala uste baitut. Esperientzia probatu nahiko nuke, beste nonbaitera joanda, baina oraindik ez dakit nora.
Gaurko egitaraua
- 10:00. Ninika, Elirale konpainia. Lugaritz kultur etxea.
- 11:30. Materia viva, La instalaccion Yamila Uzorskis. Intxaurrondo kultur etxea.
- 13:00+20:00. Act of God, Ertza. Gazteszena.
- 18:00. Estres por tres (Tres comedias salvajes), La Barca Teatro. Viktoria Eugenia kluba.
- 20:00. Arte-An, Dantzaz konpainia. Viktoria Eugenia Antzokia.
- 23:00. La lechuga, Gluglu. Antzoki Zaharra.