Martutene eta Zubietako espetxearen etorkizunaren inguruan bilera egin dute Madrilen
Gaur goizean, Juan Karlos Izagirre alkateak, Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak eta David Rebollo Hirigintza alorreko zuzendariak SIEP-en (Espetxe Ekipamenduetako Estatuko Elkartea) zuzendaritzarekin bilera izan du. Zubietan proiektatutako espetxea “atzeratzeko” erabakia izan dute hizpide.
Martutenen lurra eskuratzeko, eta hirigintza proiektua garatu ahal izateko izaera teknikoko neurri guztiak azkartzea, eta horrekin aurrera jarraitzea hitzartu dute bileran. Batzorde Mistoa modu ofizialean eratzeko beharra ere ikusi da, horrela hitzarmenari jarraipena egiteko, eta egun indarrean dagoen hitzarmena izenpetu eta eguneratu, bermatzeko Martuteneko lursaila 2015erako prest egongo dela, eta ondorioz, Txomin bere osotasunean eta ez partzialki gauzatzeko operazioa aurrera eramateko.
Adostutako hitzarmena, eta hartutako konpromisoak “zintzotasun osoz” mantendu eta beteko dituela esan dio SIEP-ek Donostiako Udalari. Donostiako alkateak gogoratu duenez, Donostiako Udalak eta SIEPek hartutako konpromiso eta hitzarmenak daude, eta hauek, Txomin-Enean 1.250 etxebizitza, gehienak babes ofizialekoak, eraikitzeko proiektu estrategikoa egitea ahalbidetuko lukete. Auzo eta esku-hartze hau, era berean, Urumea arroan uholdeak ekiditeko planari lotuta daude.
SIEPekin izandako bileran beharrezkotzat jo da, mahai teknikotik haratago, batzorde mistoa eratzea sinatutako hitzarmena betetzeko. SIEP, Kartzela Erakundeak eta Udalak dute sinatuta hitzarmen hori. Helburu horrekin aipatutako zirriborroa harreman instituzional eta lurralde koordinadorako zuzendariorde orokorrari bidaliko zaio.
Izagirrek jakinarazi du udaleko talde politiko guzti-guztiak bat datozela proiektua gauzatzeko beharrean; Txomin-Enean 1.250 etxebizitza gauzatzea proiektu estrategikoa baita hiriarentzat. Alkateak, hala ere, zehaztu du udal gobernua ez datorrela bat SIEPeko zuzendaritzak daukan kartzela ereduarekin, Zubietan eraiki nahi den makrokartzelak ehunka preso pilatzeaz gain, eredu horrek ez daukalako benetako birgizarteratze egitasmo eraginkorrik, eta, gainera, makrokartzelak presondegien gizatiartzea aldarrikatzen duen ildoaren kontrako norabidean doaz.